Irungo Udalak IAM pabiloi erabilanitza errealitate bilakatzeko lehen urrats ofiziala emango du. Orain artean asmoak besterik ez zirenak, eta gainerako erakunde publikoekin proiektua bideragarri egiteko aurrekontu konpromisoak aztertzeko lanetan aritu badira ere, pabiloia eraiki ahal izateko lurrak bideratzeko lehen izapideak azkartzea erabaki du udalak. Urrats honek agerian uzten du Udal Gobernuak irmoki jarraitu nahi duela aurrera proiektuarekin. Miguel Angel Paez Hirigintza ordezkariak azaldu duenez, «apostua irmoa da, eta horren erakusgarri dira hartzen ari garen erabaki azkarrak». Udalak argi berdea eman baitio dagoeneko, Ficobako egungo kanpoko aparkalekuaren partzela eta inguruak ez ezik, Kostorbe eremua hartuko duen hirigintza prozesu administratiboari. Eremua kirol-ekipamenduetarako kalifikazioa onartzera emateko.
Horrez gainera, 700 plaza inguruko lurpeko aparkaleku bat eraikiko dute azaleran galduko direnak ordezkatzeko, eta gaur egun Ficoban daudenekin batera, guztira mila auto aparkatzeko lekua egongo da.
Orotara 82.055 metro koadro bideratuko dituzte horretarako. Ebazpen honekin, herritarrek parte hartzeko prozesua martxan jarriko dute, eta txosten teknikoak eskatzen zaizkie inplikatuta dauden gainerako erakunde publikoei ere, hasierako dokumentua osatzeko, eta ondoren, udalbatzak onar dezan.
Proiektu estrategikoa
Infografiak aspaldi plazaratu baziren ere, eraikuntza proiekturik ez dago oraindik zehaztua, baina prozesuak eta izapideak azkartuta, Gipuzkoak kirol eta kultur ekitaldi handietarako behar duen halako pabiloi bati erantzuteko, «Irun aukera bikain eta bakar gisa posizionatzeko parada»duela nabarmendu du udal ordezkariak. Erabakia hartua dute tokiko agintariek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere 14 milioi euroko diru partida horretarako erreserbatu zuela jakinarazi zuen. Izan ere, gutxienez 40 milioi euroko inbertsioa eskatuko du halako proiektu bat bururaino eramatea.
Planteatutako azpiegitura 10.000 lagunentzako ekitaldiak egiteko erabili ahal izatea aurreikusten da. Eta kirol-ekitaldiei dagokienez, 5.000 ikusle eserita onartuko lituzke. Hain justu, CD Bidasoaren partiden egoitza izatea baita asmo etaasebehar nagusia. Gaur egun, Bidasoa Irunek Europako lehiaketak ospatzeko beharrezkoa baitu. Europan jokatu duen azken bi aldietan, federazioak salbuespena egin baitu talde bidasotarrarekin, baina Artalekuk ez ditu baldintza minimoak betetzen.
Bestalde, Ficoba erakustazokak bi hamarkadotan erakutsi duen moduan, udal ordezkarien ustetan aukeratutako lekuak mugazgaindiko kokapen estrategikoa duen heinean, «ezin egokiagoa da gaur egun lurraldean antolatu daitezkeen musika eta kultura hitzordua handietarako». Zentzu honetan, FICOBA erakustazokako arduradunek ere iragarri dute, aurten IAM proiektua Ficobarenean ukan dezakeen inpaktua eta bateragarritasuna argitzeko azterlana enkargatu egin dutela aurten. Proiektu biak elkarelikatu daitezkeelakoan baitaude.