Saritutako proiektuak baloratzerako garaian, 1895ean Kooperatiben Aliantza Internazionalak adostu eta ezarritako zazpi printzipioak kontuan hartuko dituzte: kideen kudeaketa demokratikoa, kidetza irekia eta borondatezkoa, kideen parte hartze ekonomiko beharrezkoa, autonomia eta independentzia, kooperatiben arteko lankidetza, komunitatearekin konpromisoa, hezkuntza, formakuntza eta informazioa bermatzea.
Zentzu honetan, bigarren edizio honetan, BDSKoopek bere sorreratik bultzatu duen Bidasoaldean Ekonomia Soziala sustatzeko helburuak mantentzen ditu deialdiak. Izan ere, enpresa eratu berriak saritzearen helburua, gizarte-ekonomiako enpresa horiek beste enpresa-eredu batzuetatik bereiziko lituzketen balore eta printzipioekin jaio daitezen sustatzea dela azpimarratu dute. Baina aurten eremu geografikoa zabaltzea erabaki dutela ohartarazi dute antolatzaileek, deialdia Behe Bidasoatik Gipuzkoa osora zabalduz.
Sariketa honetan parte hartu nahi duten kooperatiba edo sozietate laboralak, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko maiatzaren 31 bitartean eratutakoak, eta Gipuzkoan erregistratutakoak beharko dute izan. Eta lehiaketan parte hartzeko, www.bdskoop.eus/kooperatuz/ atarian eskegita dagoen galdetegia bete besterik ez dute egin behar ekainaren 3a baino lehen.
BDSKoopek jakinarazi duenez, epaimahai kualifikatu batek hartuko du erabakia, Mirene Arri, ELKAR-LAN, Beñat Irasuegi, KOOPFABRIKA eta Itziar Barinaga Rementeria, GEZKIko ordezkariak osatutakoa. Informazio gehiago behar izanez gero, emailez proiektuak@bdskoop.eus helbidera idatzi behar da, edo telefonoz 843 740 198 zenbakira hots egin.