Mubil mugikortasun azokak laugarren aldiz ireki ditu ateak Ficoban

Aimar Lopez 2024ko api. 17a, 12:07

Auto, autobus eta tren fabrikanteak, bateria garatzaileak, instituzioak eta bestelako erosle eta saltzaileak bildu ditu azokak · Hainbat hitzaldi ere izanen dira, baita auto eta autobusak gidatzeko aukera ere

105 enpresa, elkarte eta erakunde bilduak dira gaur eta bihar Ficoban, mugikortasun jasangarria sustatzen duen Mubil azokan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duten izen bereko fundazioak laugarren aldiz antolatzen du hitzordua, eta erakustazoka izateaz gain, industriako bilkurak eta herritarrentzako mugikortasun tresna berriak gidatzeko aukera ere eskaintzen da.

Asteazken goiz honetan, azokaren irekieran kontent mintzatu da Eider Mendoza gipuzkoako diputatu nagusia, azoka berria izanik ere duen erreferentzialtasunagatik. Azaldu duenez, Europa hegoaldean liderra da azoka mugikortasun jasangarriari dagokionez, eta burutzen diren jarduera kopurua baita erakusle kopurua ere dira horren lekuko.

Modu berean, azokaz gain Mubil zentroa ere sortzen dabiltza instituzioak, mugikortasun molde berriak pentsatu, garatu eta batez ere probatzeko. Azken hilabeteotan autogintza elektrikoa eta hidrogenoa babesten ikusi dugu Eusko Jaurlaritza behin baina gehiagotan, eta mezu hori berretsi du gaur ere Arantxa Tapia ekonomiaren garapenerako, jasangarritasunerako eta ingurumeneko sailburuak.

Eta kanpainako ekitaldia ez zen arren, igande honetako Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde giroa somatzen zen hein batean hitzartzeetan ere. Lerroen artean, Eusko Alderdi Jeltzalearen kudeaketaren apologia egin du azokaren irekiera borobiltzeko Eider Mendozak.

Edonolaz eta kanpainarekin edo gabe, ostegun arratsalderarte luzatuko da Mubil azoka Ficoban, sektoreko profesionalentzat bai baina herritarrentzat ere irekiak diren hainbat hitzaldi eta erakustaldi interesgarrirekin. Informazio guztia mubilexpo.eus webgunean