Irunek begirada liburuan pausatuko du hiri osoan apirilaren 23an

Antxeta Irratia 2024ko api. 17a, 15:16

Liburuaren Nazioarteko Egunerako programa ugaria prestatu du Irungo Udalak ohiko Liburu Azokatik haratago. CBA Kulturguneak, Oiasso Erromatar Museoak, adinekoen espazioak eta hiriko 40 komertziok irakurzaletasuna sustatzeko bat egingo dute aurten.

Irungo Udaleko Kultura arlotik ez ezik, Merkataritza eta Hiri Bultzada departamendutik edota Gizarte Zerbitzuetatik ere inplikatu dira aurtengo Liburuaren Egunarekin. Datorren apirilaren 23an «hiri osoa kulturaz blaitzeko» helburuarekin prestatutako egitaraua antolatu dutela azpimarratu du Nuria Alzagak, Kultura ordezkariak. Ohikoa duten bezala, eguna irakurraldi publikoekin hasiko da CBA Udal Liburutegian. Gazteleraz, 10:45etik aurrera Miguelk de Cervantesen “El Quijote” irakurriko dute, urtero bezala. Baina euskaraz lehenago hasiko dira, 10:30ean, eta Miriam Lukiren “Argialdiak” lana hautatu dute aurten. Nahi duen orok izango du ozen eta jendaurrean zati bat irakurtzeko aukera.

Halere, eszenatoki nagusia Zabaltza plazan instalatuko duten karpa izango da. Bertan 10:00etatik 14:00etara goizez, eta 16:00etatik 20:00etara arratsaldez, Elkar eta TintaComics liburu-dendetako postuetan nobedade nagusien salmenta egingo dute. Eta liburuaren arteak eta ofizioak aztertu, ekoitzi, zabaldu eta sustatzen dituen irabazi asmorik gabeko ARTELIBURU21 elkarteak enkuadernazio artistikoaren ofizio tradizionala eta teknika modernoak erakutsiko ditu. Aipatu bestalde, goizean 12:00etatik aurrera, Antxeta Irratiak Iparrorratza irratsaio berezia egingo du azoka postutik bertatik zuzenean.

Arratsaldean, 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako “Filomena Musugorri Errege” euskarazko ipuin-kontalaria izango da 17:30ean Maite Frankoren eskutik. Eta 18:30etik 20:00etara Noelia Lorenzo Pino idazle irundarrak “Purasangre” liburua sinatzen egongo da Elkar postuan. Tartean, 19:00etan, literatura topaketa bat proposatuko du ere, Aitziber Alonso haur eta gazteentzako liburuen marrazkilariak.

Irakurzaletasuna erpin askotatik sustatuz

Azken urteetan liburu-denda kopurua Irunen minimoen azpitik aurkitzen bada ere, halako egunetan sektoreari bultzada emateko probestu nahi du udalak. Salmentetan, eta liburuak inoiz baino presentzia handiagoa izango duelako bere egunean Irunen aurten. Alzagak azaldu digunez, «irakurzaletasuna sustatzeko lana urte osoan zehar egiten dugu CBAn ez ezik, dagoeneko instalatu ditugun kaleko sei liburutegi apal txikietan, edo auzo elkarteen sareari esker, auzoz-auzo dauden liburutegietan». Baina oraingo honetan, udaleko arlo guztien inplikazioa bilatu dute.

Berritasun nagusia hiriko merkatariekin lankidetzan Hiri Bultzadarako arloak antolatu duen “Poesia kalean” ekimena izango da. Apirilaren 23an eta hurrengo egunetan ere, ekimenarekin bat egin duten 39 komertzioren erakuslehioek poesia eskainiko baitute biniloen bitartez. Udalak komertzio hauen triptiko bat argitaratuko du, poesiaren ibilbidea egin nahi duen ororentzat.

Era berean, Gizarte Ongizate Zerbitzuetatik adineko espazioetan ahalegin bat egingo dute Liburuaren Egunarekin bat eginez. Iragarri dutenez, hilabetean zehar hiru hitzordu proposatuko dituzte Irungo adineko pertsonen artean ere, irakurzaletasuna indartzeko. Apirilaren 20an, 17:30ean, Anaka-Puianako adinekoen lokalean kontakizun bat idatziko dute «hilotz paregabea» deritzan teknikarekin. Apirilaren 23an, 17:00etan, Palmera-Monteroko adinekoen egoitzan, erabilitako liburuen truke azoka antolatuko dute. Eta apirilaren 24an, 17:30ean, Belaskoeneko adinekoen lokalaren txanda izango da. Euskal mitologiari buruzko irakurketa-taldeak mahai-inguru bat egingo baitu, kontakizun laburrekin.

Bestalde, Oiasso Erromatar Museoak ere bere hondar alea jarriko du. Urtean zehar literatura eta antzerkiari lotutako hamaika kultur hitzordu antolatzen dituzte bertan. Eta Liburuaren Nazioarteko Egunari lotuta bi zita prestatu ditu. Apirilaren 25ean, ostegunarekin, Xabier Peñalver Iribarren arkeologo donostiarrak “Revolución, resistencia y memoria. Patrimonio de la Humanidad” liburua aurkeztuko du, arratsaldeko 19:00etan. Eta ostiralean, apirilak 26an, topaketa bat egingo dute Nerea Kortabitarterekin, “Baloreak” lanaren sorkuntza-prozesuaz hitz egiteko. Berarekin batera arituko dira Noelia Sierra (NoEz), Julia Lasa, Nerea Bermejo (Bermi) eta Patri Taberna ilustratzaileak.  Honi lotuta, Patri Tabernak haurrentzako tailer bat eskainiko du collage teknikari buruzkoa.