Irungo Udalak 2011 urtean izenpetu zuen aurreneko konbenioa Arbesko erresidentziaren proiektua ahalbidetzeko, eta Artiako zubiaren aldameneko Arbesko lursailean Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen erresidentzia berria eraiki zezan. Bidasoa eskualdeko adinekoen egoitzetako eskaera, behar eta itxaron-zerrendak luzatu diren heinean, behin baino gehiagotan leporatu izan diote udal agintariek aldundikoei proiektuaren atzerapena.
Izan ere, 2016ean garaiko ahaldun nagusi Markel Olanok hitz eman zuen 2019 urterako martxan egongo zela. Pandemia iritsi zen gero, eta proiektua enegarren aldiz atzeratu egin zen. Hauteskundez-hauteskunde iragarri izan dute batzuek eta besteek proiektua. Baina iazko udal eta foru hauteskundeen atarian geundela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak jakinarazi zuen proiektua garatzeko esleipena egingo zuela. ‘Arbesko Egoitza’ erakundeari (GSR Kooperatiba, Krean eta Altuna y Uria enpresek osaturik) 271 milioi euroko aurrekontuarekin, proiektua eta 22 urterako kudeaketa kontratua esleitzea erabaki zutela. Eta 2026 urterako martxan egongo zela iragarri zuten.
Atzerapenaren abantailak
Azkenik, 2026 bukaeran martxan egotea espero dute agintariek, eta 270,9 milioi euro bideratuko dituzte, horietatik 32,4 milioi euro eraikuntza lanetarako. Hala aditzera eman dute gaur, ia urtebete beranduago, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Gaietarako diputatuak, Irungo alkatea Cristina Labordarekin batera egindako agerraldian.
Arbesko erresidentziaren proiektuari argi berdea eman diote horrela. «Teknikoki oso proiektu konplexua» izan dela aitortu du Maite Peñak, eta «oztopo asko topatu» dituztela bidean. Baina proiektua iragarri eta 13 urte geroago, helburuetan batasun irudia erakutsi nahi izan dute, eta elkarlanean aritu direla proiektua aurrera eramatea lortzeko. Hiru agintariek emandako batasun irudia ere azpimarratu nahi izan du Eider Mendozak. «Gizartearen beharrei erantzuteko elkarlana ezinbestekoa» dela agerian geratu delakoan.
Hala, bi erakunde publikoek adostuta, «zaintza ereduak behar duen trantsizioaren proiektu traktore» izango dela azpimarratu du Gizarte Gaietarako diputatuak. Arbesen 130 plaza eskainiko dira. Eta proiektua hamarkada eta erdiz atzeratu izanak, azkenean bururaino eramango duten proiektua gaur egungo zaintza komunitarioaren beharrei egokitzeko aukera eman die. Dependentzia eta desgaitasun mailaren araberako zaintza eta zerbitzuak eskainiko dituen egoitza izango baita Irungoa. Baita desgaitasun egoeran dauden pertsonentzako ere.
Peñak argitu duenez, adinekoentzat 30 plaza izango dira Eguneko Zentroan, eta ohiko erresidentziak 56 plaza izango ditu, dependentzia egoeraren arabera banatutako lau unitate desberdinetan. Hortaz gain, 14 plaza psikogeriatrikoak ere eskainiko dituzte. Bestalde, desgaitasun egoeran dauden pertsonentzako 26 plaza egoitzan, eta beste 25 gehiago eguneko zentroan.
Hortaz gain, Irungo Udalak kudeatuko dituen apartamendu tutelatuak ere barneratuko ditu proiektuak, adineko pertsona autonomoentzat 50 plaza eskainiz. Eta horrekin batera, fisioterapia, podologia, ileapaindegia… zerbitzu gehigarriak. Zaintza eredu berrian urrats berri bat ematera datorrela dio Eider Mendoza diputatu nagusiak ere, hiru arrazoiengatik, berrikuntzan, pertsonalizazioan eta komunitatearekin izango duen loturarengatik, hain zuzen.
«Egoitza erabat berritzailea izango da, elkarbizitza unitate txikiak egingo dira eta auzoari eta herriari irekita egongo dira, eta pertsona bakoitzari egokitutako zerbitzua emango du, danok desberdinak garelako», azpimarratu du Mendozak. Argitu dutenez, 2030 Agendaren liburu berdea aintzat hartuta, «espazio libreari, kohesio sozialari eta bizimodu komunitarioari» garrantzia eman nahi izan diote, eta Arbesko lursail honek horretarako aukera ematen du, 6.913 metro koadroko azalerarekin.
Arbesko erresidentzia berria «Gipuzkoan erreferentzia» bilakatuko dela iragarri du ere. Gaur egun Gipuzkoan dauden 30 egoitza eta 5.300 plazen artean, Usurubilgo Egurtzegi egoitza besterik ez baitago horrela diseinatuta. Eta Irungoarekin batera, Pasaiako Adinberri eta Elgoibargo Errezabalakoa ere ari dira zaintza eredu berrietara egokitzen.