Ohar baten bidez Irungo Sagardo Egunaren antolatzaileek jakitera eman dute «hausnarketarako urtea» izango dela aurtengoa, eta mende laurden eta gero, Irungo Urdanibia plaza dantzan eta inguruko hamaika elkarte gastronomikoen inplikazio irmoa jaso duen hitzordua bertan behera uzten dutela. Plazaratu duten oharrean, hain justu, Alde Zaharreko 12 elkarte gastronomikoen lana eskertu nahi izan dute, «zuek gabe ez zen deus posible izango» diote. Izan ere, plazako sagardo postuetan zerbitzatzeaz gain, tortila pintxoak ere elkarteek sukaldatu ohi dituzte urtero.
Halere, Taupadak GKEaren garapen eta kooperazio proiektuak laguntzeko helburu solidarioa duen ekimena dela aintzat hartuta, «kostuen prezioen gorakadak urte batzuetan ekitaldia negatiboan bukatzeko zorian» utzi dituela argitu dute. Sagardoa, aipatutako pintxoetarako lehengaiak, edalontzi, karteleria, garraio, argi eta aseguruen prezioak antolakuntzarentzat «asumiezinak» bilakatu direla diote.
Bestalde, orohar elkartegintzak duen erronka nagusi baten biktima izan direla dio, antolaketa lanetan errelebo falta pairatzen baitute. «Aurpegi berri gutxi batzuk batu zaizkigu urte hauetan, baina nekeak eta ilusio faltak ere» erabakian eragina izan dutela aitortzen dute. Zentzu honetan, gutxieneko urtebeteko epea eman dute, euren buruarekin izan ezik, erakunde, kolaboratzaile eta hornitzaileek ere hausnartu dezaten.
Halere, «denek bat eginik eta loturarik gabe» Irungo eta irundarrentzat antolatutako Sagardo Eguna antolatzea lortzeko helburuarekin, 2025eko edizioan lanean hasiko direla iragarri dute.