Irungo 'Alkatea Auzoetan' izango da berriz ere

Koldo Nausia 2024ko api. 24a, 12:48

Maiatzaren 2an Behobian ekingo dio Cristina Labordak urte osoan zehar hiriko 17 auzoetako herritarrekin elkartzeko eta «entzuketa aktiboa ez ezik, eskaerei erantzuteko» helburua duen programari. 17:00etan bisita auzoan eta 19:00etan bizilagunekin bilera izango da proposatutako dinamika. Online ekarpenak egiteko Irungo Udalaren ataria ere berritu dute.

Cristina Laborda alkateak « entzuketa aktiboa» udalgintzaren oinarria behar duela izan sinetsita 'Alkatea Auzoetan' programari ekingo dio maiatzaren 2an. Urtean zehar Irungo 17 auzoetatik pasako da «auzora bisita egin eta auzotarren kezkak, ideiak eta beharrak lehen eskutik jasotzeko bilera egiteko». Hamarkada luzea darama Irungo Udala programa honi esker udalgintzan mikro-politika egiten. Zehazki, garai hartan Jose Antonio Santano alkate zela, 2011ko abenduan egin zen aurreneko bilera Larreaundi auzo elkartean. Eta orain artean egindako beste 50 bilkuretan 1.621 eskaera jaso dituztela oroitarazi du Labordak. Horietatik %83an auzokideekin konpromisoak hartzeaz gain, kasuen %84an aurrera eraman edo exekutatu diren proiektuak dira horren fruitu. Izan ere, alkateak dio «entzuketa aktiboa ez ezik, auzotarrei erantzutea» dela egitasmo honen helburu nagusia. 

Labordaren ustetan, «udalak herritarren beharrak asetu behar ditu, baina haiekin batera». Zentzu honetan, Udal Gobernuarentzat urteko ildo estrategikoetako bat dela azpimarratu du alkateak. «Hiri batek aurrera egin dezan orain pil-pilean dagoen IAM pabilioia bezalako proiektu handiak beharrezkoak dira, baina egitasmo handiak bezain garrantzitsuak dira udalgintzan, herritar batek auzoan euki dezakeen arazorik txikiena konpontzea ere», aldarrikatu du.
 
Aurrez-aurre eta online
 
Horretarako, maiatzaren 2an Behobia auzora bisita egingo du alkateak 17:00etan bertako auzokideekin kalean dauden arazo eta behar nagusiak bertatik-bertara ezagutzeko. Eta 19:00etan bilera irekia egingo dute auzo elkartearen egoitzan. Udal ordezkariak argitu duenez, urtean zehar auzo elkarteekin harreman zuzena dute, eta udalaren eta auzotarren artean ezinbesteko katebegiak dira hauek. Baina 'Alkatea Auzoetan' programaren bilerak interesa edo zer esatekorik duen bizilagun ororentzat irekiak daude, espreski auzoetako kolektibo eta norbanakoei tenperatura hartzeko antolatzen baitira ate zabalik. 
 
Halere, auzoz-auzoko bilera hauetara hurbiltzerik ez duenak, ekarpenak edo galderak online egiteko aukera izango du. Behobitarren kasuan apirilaren 24an aktibatu dute www.irun.org webgunean, eta aste osoan zehar pausatu daitezke eskaerak. Gainera, horretarako atala ere berritu egin dute, alkatearekin komunikazioa arintzearren.