Bere historiaz harro, 1924ko kopari distira atera nahi dio Real Unionek

Antxeta Irratia 2024ko api. 23a, 20:02

Maiatzaren 4an 100 urte beteko dira Real Unionek 1924ko Errege Kopa irabazi zuela.  Mendeurrenaren efemerideak behar bezalako ospakizuna merezi duela pentsatu du klubak. Garaiko oroitzapenezko kamiseta eta historiari hainbat keinu eta omenaldirekin batera, Cultural Leonesaren kontrako partidaren atarikoan egun osoko egitaraua antolatu dute,  taldeak etxeko partidetan bultzada behar duela kontuan hartuta. 

Igor Emery, Real Unioneko presidenteak Real Madril taldeari duela 100 urte Pepito Etxebesteren golarekin Donostiako Atotxan 1 eta 0 irabazitako finaleko talde mitikoaren hamaikakoa gogoratu du, «izan zirelako gara, eta garelako izango dira» txuribeltz historia harrotasunez aldarrikatuz. Urte hartan, final-erdietan Bartzelona kanporatu zuen talde irundarrak, eta aurretik Sevilla ere. Final hartan, aldiz, Antonio Emery, Manuel Anatol, Ignacio Berges, Francisco Gamborena, Rene Petit, Ramon Eguiazabal, Jose ‘Pepito’ Etxebeste, Joaquin Vazquez, Juan Errazkin, Matias Aguinaga eta Ramon Azurza osatu zuten hamaikakoa. Eta entrenatzaile lanetan Derby County talde ingelesetik etorritako Steve Bloomer aritu zen. 1913ko kopa Racing de Irun gisa irabazi eta gero, 1920. hamarkada izan zuen klubak urrezko aroa.

Ehun urte beranduago, klub irundarrak 1. Federazio mailari eusteko borroka bete-betean dago. Eta Cultural Leonesaren kontrako partidan, jokalariek duela 100 urteko final hartan oinarritutako diseinu berezia duen kamiseta-polo batekin jokatuko dute. Klubak iragarri duenez, halako 100 ale salgai jarriko dituzte Stadium Galeko dendan. Era berean, gaur hasi eta maiatzaren 3a arte koparekin argazkia egiteko aukera emango dute bertan.

Egunean berean, aldiz, partidua hasi aurretik, klubak omenaldia egingo die jokalari txapeldunei. Hori dela eta, klubak dei publikoa egin nahi die talde txapeldunen senideei, 1924ko Koparekin Stadium Galeko berdegunera atera, familiako argazkia eta ohorezko sakea egin dezaten.

Egitarauari dagokionez, bazkari batekin hasiko dute eguna. Eta ondoren haurrentzako puzgarriak, dantza emanaldiak, magia ikuskizuna eta musika izango da, partidaren atarikoa girotzeko.