Euskararen erabilera bultzatzeko zutabe sendoak jartzen ari direlakoan dago Irungo Udala. Euskara Zerbitzutik hiriko elkarte eta eragileekin berritzen hasi den Kalean Bai hitzarmena edota Solas Jolas udaleku irekiak dira adibide ezagunenak. Baina urte luzeak daramatzate, ikastetxeen eskaerari erantzun nahian ere. Euskara eskolarekin lotzen dutelako askok, eta nekez egiten dute euskaraz kalean eta aisialdi garaian. Horretarako iaz Irudi Biziak eta Tinko Euskara elkarteekin lankidetzan martxan jarritako dohako euskarazko zine emanaldiek arrakasta handia lortu dute, hasieran Amaia KZn eta ondoren Ocines Mendibilen ere.
Haur eta familiak
Aldiz, udaberri honetarako FamiliaOLA eta Haurrak Parkean programak aktibatuko dituzte, haurren artean eta familia giroan ere, euskararen transmisioa bultzatu eta hizkuntza jarrerak eta inertziak apurtzeko xedez.
Hain justu, Soziolingustika Klusterrak duela bost urte egindako azken azterketa soziolingusitikoen arabera, irundarren %41 euskalduna bada ere, %8ak baizik ez zuen egunero erabiltzen. Azken inkesten datu ofizialak ez ditu Klusterrak publiko egin oraindik, baina Nuria Alzaga Euskara zinegotziak iragarri duenez, erabilera datuak hobetu egin dira urteotan. Eta hein handi batean «haur eta familiekin pentsatuz, eta ikastetxeen eskaerari erantzunez martxan jarritako programa hauen ondorio ere badira» bere ustez. Beraz, 2009 urtetik martxan den 2 eta 8 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako FamiliaOLA eta Haurrak Parkean programaren eskaintza aprobetxatzeko eta mihiari euskaraz eragiteko gonbidapena luzatu du Alzagak, familia euskaldunei ez ezik, «euskaraz gutxi edo ez dakitenei ere, jarrera kontua da askotan, haurrentzat eredugarri izatea», gaineratu du.
Hezten enpresak dinamizatzen ditu bi programa hauek, eta bertako Maria Viñasek esplikatu duenez, orohar erabilera sustatzeaz gain, eskolaz kanpo haurrek haien egunerokoan ere euskaraz jarraitzea bilatzen dute. «Euskara jolas garaian ondo pasatzearekin lotu dezaten». Ekimen hau auzoetako haur parkeetara hurbiltzen da, eta adinaren arabera egokitutako dinamikak proposatzen dituzte begiraleek bi taldetan bereizita: 3-5 eta 6-9 urte artekoak.
Hurrengo hitzorduak maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an (asteazkenetan) izango dira Palmera-Monteroko Nagore Laffage Casasola eta Olaketako Partxiseko parke estalietan. Eta maiatzaren 3an, 10ean, 24an eta 31n (ostiraletan), Arbiun plazatxoa (Landetxa-Katea auzoan) eta Almudena Grandes plazatxoan.
Bestalde, FamiliaOLAn bi tailer eta txango bat programatu dute. Maiatzaren 21ean eta 23an Eskulan tailerra egingo dute, haur bakoitzak bere jolas tradizionala sortzeko aukera emanez. Bestalde, maiatzaren 28an eta 30ean, Irungo kaleetatik argazki lehiaketa bat egingo dute. Eta irteera maiatzaren 25ean egingo dute aurreratu dute, baina xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte. Hurrengo tailerretan parte hartzeko udal webgunean eman behar da izena, www.irun.eus helbidean, apirilaren 29tik maiatzaren 6ra.
Kanpotik iritsitako haurrak
Baina programa hauez gain, atzerritik edo beste erkidegoetatik iritsi berriak diren ikasleentzako UdaGiro programa ere antolatzen dute uztaila eta abuztuan. LH 5. eta 6. mailako zein DBHko ikasleei zuzenduta dago. Eta Irungo ikastetxeen eskaerari erantzuteko jarri zuten martxan. Uda garaian, ikasturtean zehar ikasitako euskara gal ez dezaten.
Ikastetxe askotan zenbait kolektiboen artean euskara maila apalak duen eraginarekin kezka sortu da Irunen. Biztanleen %20aren bueltan kanpoko jatorria du gaur egun, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasturtean zehar euskara indartzeko klaseak eta baliabideak ematen dien arren, atzerritik edo beste erkidegoetatik ikasturtean zehar (kurtsoa hasita) heltzen diren ikasle asko dago ere. Iaz, adibidez, euskara ez dakiten halako 80 ikasle baino gehiago jaso zituzten Irungo eskoletan.
Haur eta gazte hauei laguntzeko zein ikastetxeen beharrei erantzuteko, UdaGiro programa martxan jarri zuen Irungo Udalak 2007 urtean aurreneko aldiz, Herri Jakintza euskaltegiaren laguntzarekin. Bertako ordezkaria Gema Urtizbereak esan digunez, «urteotan guztiotan esperientzia oso ona izan da, haur askok gero jarraitzen baitute urtean zehar». Mailaketa froga egiten diete aurreneko egunea, eta adinaren eta euskara mailaren arabera sailkatzen dituzte. Euskaltegian bertan ariketa praktikoak proposatzen dizkiete, eta «batzuetan ingelesez ere hitz egin behar zaie, iritsi berriak direnez euskararik eta erdararik ez dakitelako ere, baina oso dinamikoa da eta mintza eginez ikasten dute», argitu du Herri Jakintza euskaltegiko ordezkariak.
Udagiro programan parte hartzeko udal webgunean eman behar da izena, maiatzaren 6tik 17ra, eta eskolak uztailaren 3tik 24ra eta abuztuaren 5etik 27ra izango dira.