MUGIKORTASUN JASANGARRIRAKO PLANA

Bizikleta suspertzeko borondate politikoaz gain, inbertsioetan epeak eta konpromisoak exijitzen ditu Balaztak

Koldo Nausia 2024ko api. 30a, 15:28

Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren hasierako onespen agiriaren «oso balorazio ona» egin du Balaztak. Haiek «aspalditik seinalatutako arazo gehienak jasotzen ditu dokumentuak». Baina trantsizioa «lehenbailehen eman dadin» diagnostikoak agerian utzitako gabezien tamainako «konpromiso politikoa» exijitzen du Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak «egungo egoera kritikoa» irauli ahal izateko. 

Irungo Udalak hilabeteotan landutako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren (HMJP) txostenak diagnostiko egokia eta hiri-bizikletaren errealitatearen «argazki fidela» egiten du haien ustetan. Besteren artean, osatu gabe dagoen bidegorri sarearen zatien arteko akatsak, txirrindentzako aparkaleku seguruen gabezia, Hondarribiarekin bizikleta konexiorik eza, edota abiadura-mugak errespetatzen ez dituen trafikoa, betiere, 30 eremuen eraginkortasun faltari lotutakoak dira txostenak, besteak beste, inkesta bidez identifikatu dituen arazoak. «Ez da deus berririk», aitortzen du Manu Eizagirre Balaztako kideak, «2016ean elkartea eratu zenetik errepikatu ditugun gauzak dira. Baina orain Udalak bere diagnostikoan aitortu duela, espero duguna da konponbideak lehenbailehen martxan jartzea», dio. Eta horretarako, «konpromiso politikoa eta konponbideak arrazoizko denboran aurrera eramateko epe zehatzak eta aurrekontuak» exijitzen ditu Balaztak.

Bizikleta testimoniala Irunen

Izan ere, 2011 urtean hasi zen Irungo Udala mugikortasun jasangarriaren lehen plana garatzen, Mugikortasun Mahaia osatu eta eragileekin batera etorkizuna diseinatu nahian. Baina 13 urte pasa dira, eta HMJP dokumentuaren epeak eta hartu beharreko neurriak atzeratzen joan dira etenik gabe. Zentzu honetan, mugikortasun jasangarria sustatu nahi bada, garraio publikoak «kotxezentrismoari alternatiba» emateko lagundu dezakeen arren, duela 12 urte Irun aintzindari bilakatu zuen 30 Eremuen estrategiaz haratago joan beharra dagoela argitu du azterlanak berak. «Bizikleta ez erabiltzearen arrazoi nagusia segurtasun falta da», argitu du Eizagirrek, eta 30 Hiria ezarri zenetik inkestatuen %31k dio ez dela seguru sentitzen, «azken batean trafikoaren artean ibili behar duzu bizikletaz». Horren irudiko, Irungo hirian egiten diren joan-etorrien %2a besterik ez dela bizikletaz egiten gaur egun. Hortaz, bidegorri-sarea hobetu, bide bereiziak egin eta azpiegiturak garatu beharra dago.

Gainera, herritarrek horren aldeko nahikeria agertu dute hamaika alditan. Udal Aurrekontu Parte Hartzaileak antolatu dituzten zortzi urteotan, bidegorriak eta bizikletari buruzko eskaera zehatzak izan dira beti bozkatuenen artean, eta txostenak berak biltzen duen inkestak dio ere, «herritarren %85ak ezinbestekotzat» jotzen duela bizikleta-azpiegiturak hobetzea Irunen. Behar horri erantzun ezean ibilgailu pribatuaren eta motorraren erabilera areagotu egingo dela aurreikusten du HMJPren agiriak bere aurreikuspenetan «etorkizun etsigarria» iragarriz.

Hau dela eta, Balazta elkarteak arrisku hori sahiesteko agintaldi honetan eta hurrengoan kronograma zehatza planteatu du egin beharreko ezinbesteko eskuhartzeekin. «Ezin dira gehiago atzeratu mugikortasun jasangarria eta bizikleta sustatzeko neurriak, plangintza, gauzatzeko epeak eta konpromisoa behar da, paper bustian gera ez dadin», azpimarratu du Manu Eizagirrek.

Lehentasunak eta epeak

Horiek hala, Balaztak «hobetzeko helburuarekin» hainbat ekarpen egin dizkio txostenari, behar diren eta gauzagarriak diren proiektuen araberako lehentasunak markatuz. Haien ustetan, 4 hilabete baino gutxiagoko epean Irun-Hondarribia arteko bidegorri lotura osatu daiteke. Urtebeteko epean, aldiz, bizikleta aparkalekuen arazoa konpondu. «Gutxienez 3 aparkaleku seguru eta estaliak jartzeak, dirua bideratu, erosi eta jarri besterik ez du eskatzen, Baionan eta beste leku askotan instalatu dituzten bezala. Irunen oso atzean gaude horretan», dio Eizagirrek.

Bestalde, 2023-2027 urtealdian bidegorri-sarea osatzeko proiektuak garatu beharko lirateke haien sutetan. Balaztak egiten duen proposamenak hainbat ardatz kontuan hartzen ditu, «hirian mutur batetik bestera segurtasunez mugitzeko» aukera emango duen logika bat jarraituz. Horrela, hiru urteko epean Hondarribia kalea-Colon-Nafarroa hiribidea ardatza, Iparralde etorbidea eta Gipuzkoa-Elizatxo ardatzak egiteko lehentasuna markatu du. Era berean, Dunboako kanalean bidegorria eta lehendik zeuden hainbat bidegorrien berritzea eskatzen du: Euskal Herria hiribidea, Aduana kalea, Hondarribia kalea, Aldabe mendia kalea eta Letxunborro hiribidekoa.

Hontaz gainera, 2027-2031 urtealdirako ikuspegi orokorragoak dituzten ardatzak lantzeko proposatzen dio udalari. Landetxa-Ficoba eta Zubimuxu-Santiago bizikleta ardatzak osatzea, inguruko eremu eta industriguneetarako loturak osatzea, baita nekazal-eremuetarako loturak hobetzea edota zenbait auzotako barne ibilbideak eta haien arteko loturak egokitzea ere.

Horretarako, kaleko azaleko aparkalekuak kendu eta espazio hori bidegorriak egiteko baliatzeko aukera lehenesten dute. Txostenak argitu duenez, Mendibil (%19,70eko batez besteko okupazioarekin), Colon (%32,56), San Juan (%28,91) eta Pio XII.ekoa (%6,5) lurrazpiko aparkalekuen batez besteko okupazio-tasa apala da. Eta beraz, egunean zehar 320 plaza libre izaten direnez, hauek erabilaraziz, azaleko espazioa hobe aprobetxatuko litzateke bidegorrietara bideratuz.

Aurreikuspena giltzarri

Dena dela, txostenari azken zehaztapen bat egin dio Balazta elkarteak. Izan ere, etorkizun hurbilean gaur egungo gabeziak errepika ez daitezen, aurreikuspenez lan egin dezatela eskatzen diete udal agintariei. Zentzu honetan, HMJP agiria erreferentziazko dokumentua izango bada mugikortasuna lantzeko eta planifikatzeko tresna gisa, zehaztu gabe dauden baina azterketa-fase aurreratuan dauden proiektu handiak aintzat hartu beharko lituzke udalak.

Horien artean, Txenpereneako kirol-instalazio berriak, Ficobako IAM pabiloi erabilanitza, San Miguel-Anaka auzune eta etxe berriak edota Via Irun bezalakoak. Manu Eizagirrek dioenez, «proiektu hauetan ez da bidegorririk aipatzen edo bertara modu jasangarrian iristeko nola egingo den. IAM pabilioian adibidez, 10.000 lagunentzako izango da, eta Euskotren dago. Baina 700 plazako lurrazpiko aparkaleku bat besterik ez dute aipatu». Hortaz, ezinbestean proiektu hauek guztiak aintzat hartu beharko ditu Balaztaren ustez, 2023-2031 urtealdirako mugikortasun jasangarriaren plan berri honek. Elkarteko kideen ustez, bestela zezenak harrapatuko gaitu.