Haur eta familiekin pentsatuz, eta ikastetxeen eskaerari erantzunez martxan jarritako programa eraginkorra dela egiaztatu du Irungo Udaleko Euskara arloak urteotan. Hezten enpresak dinamizatzen ditu parkeak haurren adinaren araberako jolas desberdinak proposatuz. Hezten-eko Maria Viñasek esplikatu duenez, orohar erabilera sustatzeaz gain, «eskolaz kanpo haurrek haien egunerokoan ere euskaraz jarraitzea bilatzen dute, euskara jolas garaian ondo pasatzearekin lotu dezaten». Ekimen honek euskara auzoetako haur parkeetara hurbiltzen du, eta adinaren arabera egokitutako dinamikak proposatzen dituzte begiraleek bi taldetan bereizita: Zabu-Zibu 3-5 urte artekoentzat, eta 6-9 urte artekoen Txirrintxon izeneko programa.
Lehen hitzordua ostiral honetan izango da, Arbiun plazatxoa (Landetxa-Katea auzoan) txikienentzat 17:00etan, eta 18:00etan Almudena Grandes plazatxoan Txirrintxon taldekoentzat. Leku eta ordutegi berbera errepikatuko dute maiatzeko ostiral guziz, hilaren 10ean, 24an eta 31n. Era berean, Palmera-Monteroko Nagore Laffage parkean eta Olaketako Partxiseko parke estalian ere eskainiko dute maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an (asteazkenetan).
Familientzat ere
Bestalde, mihiari euskaraz eragiteko gonbidapena luzatu diete familiei ere, Udalak 2009az geroztik antolatzen duten FamiliaOla programan parte hartzeko. Kasu honetan, 2 eta 8 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako egokitutako tailer eta irteerak antolatzen dituzte. Nuria Alzaga Euskara zinegotziak gogoratu duenez, familia euskaldunei ez ezik, «euskaraz gutxi edo ez dakitenek ere aprobetxatu dezatela aukera, jarrera kontua da askotan, haurrentzat eredugarri izatea», gaineratu du.
Maiatzan bi tailer eta txango bat programatu dute. Maiatzaren 21ean eta 23an Eskulan tailerra egingo dute, haur bakoitzak bere jolas tradizionala sortzeko aukera emanez. Maiatzaren 28an eta 30ean, Irungo kaleetatik argazki lehiaketa bat egingo dute ArgazkiRally formatoan. Eta irteera maiatzaren 25ean egingo dutela aurreratu dute, baina xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte. Jarduera guztiak dohakoak badira ere, aldez aurretik izena eman behar da www.irun.eus helbidean, eta maiatzaren 6an itxiko dute epea.