Haur parkeen itxiduretatik urrun, naturarekin konektatzeko alternatiba eman nahi du Lurmaittek

Koldo Nausia 2024ko mai. 3a, 13:50

Helduon bizimodu urbano frenetikotik ihes egin eta jolas librean naturan murgiltzea da, Lurmaitte udalekuak eskaintzen duena. Pedagogia berdean oinarrituta, Ibarlako Meaka auzo elkartearen egoitza dute udaleku hauetan kanpamendu basea, baina 3-12 urte bitarteko haurrek aire zabalean ematen dute eguna naturarekin konektatuz.

Pedagogia berdea eta jolas librea oinarri duen Lurmaitte udalekua proposatzen dute Ibarlan uda honetan ere. Meaka auzoko txoko honetan auzo elkarteak duen egoitza, aldiz, udalekuen abiapuntua besterik ez da egunero. Izan ere, Maider Aizpurua Lurmaitteko arduradunak aitortu digunez «aire zabalean ematen dugu eguna». Beste udaleku batzuetan irteerak egiten dituzten bitartean, eurek ez dira sartzen.

2018an sortu zen proiektua. Hasiera batean Txiribueltarekin batera Jaitzubiko zalditegiaren inguruan antolatu zituzten jarduerak. Eta urteen poderioz, Meaka auzoko eremu hau dute kanpamendu basea, natur eremu zabala eskura daukatela. 3 eta 12 urte bitarteko haurrak biltzen ditu, eta koxkorrenekin mendira, Aitzondoko ur-jauzira, erreka trabesiak egitera, Plaiaundiko natur parkera edota Hondarribiko Asturiaga hondartzara ere txangoak antolatzen dituzte. Azken batean, inguruneak arakatu, basoa ikertu, animaliak ezagutu, korri, arrastaka ibili edo jauzika erreka esploratzea da proposatzen dutena, norbere erritmoan. «Ez diegu prisarik sartzen, hori ez da Lurmaitte», argitu digu Aizpuruak.

Naturaren onurak

Baina oinarrian, haurrek naturan jolasteko eta beste haurrekin esperimentatzeko aukera emateko helburua du Lurmaittek. Irakaslea da Aizpurua, eta Heike Freire ("Educar en Verde" eta "Patios vivos para renaturalizar la escuela" liburuen egilea) pedagogia berdean adituarekin lanean aritu zenean «iraultza» bat sentitu zuela aitortu digu. Halere, pedagogia berdea berritzailea izanagatik ere, garai batean egiten zena berreskuratzea ere bada hein batean. «Naturan egoteak onurak ditu pertsonarentzat, neurozientziak frogatua du gure garuneko neurotransmisoreak lasaitzen direla, eta haurrak beti daude lasai eta pozik», dio. Eta garai batean jolas librean naturarekin harreman estuagoa genuela agerikoa bada ere, gaur egungo gizarte urbanoak naturatik urrundu egin gaituela pentsatzen du. Eskolak ere dira horren irudiko bere ustez. Eskolagunea ere naturalizatu beharra dagoela uste du: «tamalez, maiz ikusten ditugu porlanezko eskola berriak, jolasgune itxiekin eta berdegunerik gabekoak».

Horregatik, Lurmaittek segitzen duen pedagogia berdeak beste norabide bat proposatzen die haur eta gurasoei. «Helduon beldurrek elikatzen dute gaur egungo haurtzaroaren eredua, haurrak parke batean, eremu itxi eta kontrolatu batean gordeak mantentzen ditugu, zaintzapean beti», azaltzen du Aizpuruak, «eta Lurmaittera etortzen direnean bitxiena da ikustea, umeak ez daudela ohituak gidatuak ez izatera. Askatasun gutxi dute, gure bizitzak erritmo frenetikoa du eta haurrak gurpil horretan sartzen ditugu. Ez gara ohartzen umeek ez dutela denbora librea, eta ez dakite asperdura kudeatzen». Zentzu honetan, udaleku hauetan haurrek zer nahi duten pentsatzeko aukera ematen zaie, eta taldeko haur arduradun batekin adosten dute zein jarduera egin.

Horretan ere, haurren arteko harremanak desberdinak direla dio. Izan ere, adin desberdineko umeak biltzen dira elkarrekin jolastera edo abenturak bizitzera. «Gaur egun normalean beraien gizartean ez dira horrelako kontestuan aurkitzen, beti adin bereko haurrak haien artean elkartzen ditugu jarduera guztietan», argitzen du Aizpuruak. Bestalde, udaleku hauetan egiten dituzten jardueretan autoregulazioa eta emozioak oso kontutan hartzen dituzte.

Urteotan parte hartu izan duten haur eta familiek balorazio baikorra egiten dutela dio Maider Aizpuruak. Eta urte osoan zehar ere, aisialdi taldeak osatzeko eskaintza egiten badu ere, udako eguraldi ona lagun, uztaila osoa edo asteka proposatzen du Lurmaittek gure seme-alabek naturarekin galdua duten harremana berreskuratzeko alternatiba, uztailaren 1etik 26ra. Interesa duten Bidasoaldeko familiek aldez aurretik izena emateko haiekin harremanetan jar daitezke lurmaitte@gmail.com posta elektronikora idatziz, edota 627 546 864 telefonora deituz.