Etorkizuneko IAM pabilioiaren proiektuari bultzada definitiboa eman nahian dabil Irungo Udala. Horretarako Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak dagozkien finantzaketa konpromisioak har ditzaten lanean ari da Udala burubelarri, haien babesa ezinbestekoa baita proiektua aurrera eramateko. Baina Cristina Labordak iragarri duenez, apirilan pabilioia eraikitzeko Ficoba aldameneko zabalgunean 82.055 metro koadro publikoa azalerari bide emango dion hirigintza-prozesuari «argi berdea» eman eta gero, ahalegin ekonomikoa ere egingo du Udalak.
Alkateak jakinarazi duenez, hurrengo kreditu-aldaketan, Udal Gobernua hurrengo urteetarako aurrekontu sail bat onartu nahi du, «agintaldi honetan bertan lanean hasteko». Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 14 milioi euroko aurrekontu konpromisoa hartua bazuen ere, Illunbeko proiektuaren aldeko inbertsioek lehentasuna dute aldundiarentzat. Eta planteatutako azpiegiturak gutxienez 40 milioi euroko inbertsioa eskatuko duela aurreikusten dute. Kontua da, bertan jokatu beharko den 2029ko Munduko Emakumezkoen Eskubaloi Txapelketako egoitza izendatu zutela Irun duela hiru aste, eta premia dago urratsak azkar emateko.
Eskubaloia erabakigarria
Hau dela eta, gaur Francisco V. Blázquez Espainiako Eskubaloi Federazioko presidenteak pabilioia eraikiko den kokapenera bisita egin du Cristina Laborda Irungo alkatearekin eta C.D. Bidasoako lehendakari Gurutz Aginagalderekin batera. Aginagaldek proiektu estrategikoa dela azpimarratu du: «Orain arte argi esplikatu dugu konpetizio desberdinek dauzkaten irizpideak betetzeko pabilioi hori guretzat urgentzia bat dela, baina Bidasoaren hazkuntza ere gehitzen ari zaio». Gogoratu behar baita, Bidasoak heldu den denboraldian Europan jokatzeko txartela segurtatu berri duela, eta aurrekoetan egin izan dituzten salbuespenak ez bezala, litekeena da partidak Artalekutik kanpo jokatu behar izatea, instalazio honek ez dituelako Europak agintzen dituen gutxieneko baldintzak bermatzen.
Dena dela, alkateak nabarmendu duen bezala, kultur ekitaldietarako ere gune estrategikoa bilaka daiteke Gipuzkoa eta Euskadirentzat. IAM pabilioiak kirol partidetarako 5.000 eserleku izango baditu ere, 10.000 lagunentzako kultur ekitaldiak egiteko erabili ahalko baita. Gainera, 700 plaza izango dituen lurrazpiko aparkaleku bat ere aurreikusten du proiektuak, egun Ficoban daudenekin batera, ia mila auto aparkatzeko aukera emanez.
Gaurko bisitan, Espainiako Eskubaloi Federazioko presidentea pozik azaldu da halako proiektu bat eskubaloiaren eskutik bultzatu ahal izateagatik. Francisco V. Blázquezek adierazi duenez, «kirol-instalazioen bilakaeraren aldeko apustua da IAM pabilioia, eta apustu horretarako eskubaloia erabakigarria izatea harro egoteko modukoa da». Gurutz Aginagaldek ere argi du, Bidasoak proiektua babestuko duela ezinbestean. «Erabat beharrezkoa da. Gure Artaleku maite eta kuttuna zahartxo geratu zaigu, eta aukerak murrizten ari zaizkigu, baina herriari eta lurraldeari aukera berriak ekarriko dizkio pabilioi berriak ere», argitu du.