Iñaki Gurrutxagak X sare sozialean ostiral honetan zabaldutako bideoak eta ARGIAk biralizatu duen Irunen emandako gehiegikeria polizialaren irudiek harridura eta sumindura sortu dute. Bideo batean ikus daiteke ertzain batek pertsona bati nola egiten dion eraso San Miguel auzoko Zubiaurre kalean. Inor grabatzen ari zela ohartu gabe emandako kolpe gogor batekin lurrera bota du herritarra, «isil zaitez behingoz!» oihu egiten dion bitartean, gaztelaniaz (¡Cállate ya, coño!). Herritarra ertzain eta udaltzainez inguratua azaltzen da, eta bideoak erakusten du horietako ertzain batek ukabilkada jo eta lurrera botatzen duela. Ondoren, herritar hori lurrean utzita, alde egiten dute guztiek.
Irungo Udaleko iturrien arabera, duela zenbait hilabetekoa dira irudiak, baina Udaltzaingoak ez du azalpenik eman nahi izan momentuz. Halere, gertaturikoa argitzeko lanean ari direla gaineratu duten bitartean, Ertzaintzak baieztatu du abuztuan gertatutakoa dela.
Gehiegikeria polizial kasu hau, Irungo hiri-segurtasuna ezbaian jarri eta herritarren ahotan dauden azken gertakarien ondoren plazaratu da. Izan ere, asteazkenean Stadium Gal ondoko Doman enpresan abandonaturiko eraikinaren okupazioaren karietara, sute bat piztu eta Ertzaintzak bertan egiten duen enegarren operazioak alarmak piztu ditu. Eta Cristina Laborda alkateak atzo «legez kontrako okupazioa agerikoa arazoa» dela aitortu, eta arazo honi neurri hartzeko justiziak prozesuak azkartu behar dituela aldarrikatu du. Era berean, udal talde politiko guztiek adostutako Segurtasuna eta Bizikidetza Itunaren baitan, hiri-segurtasuna hobetzeko baliabideak jartzen ari ditu udalak, alkatearen arabera. Baina Irunen erasoak eta lapurreta kopuruak emendatu diren hilabeteotan, polizia gehiegikeri kasu honek bazterrak urratu ditu.
Zentzu honetan, EH Bilduk baieztatu egin du gehiegikeria polizial hau ez dela oraingoa. Ezinegon eta kezka hori berea egin du koalizio abertzaleak, eta gertaturikoa argitze aldera azalpenak eskatu dizkio udalari erantzun zehatzik gabe. Bestalde, Elkarrekin Podemos taldeak Segurtasun Mahaia deitu dezala galdegin dio alkateari. Baina gaia Bozeramaileen Batzordean aztertuko dela erantzun du Udal Gobernuak.
Bien bitartean, Nazioarteko Human Rights Fundation-ek adierazi du gertaerak EAEko fiskaltzan salatzea aztertzen ari dela.