Iaz berreskuratu zuen Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak garai batean urtero ospatzen zuten Ikastola Eguna. 1962an euskararen eta euskal kulturaren egoeraz kezkaturik guraso talde bat proiektua eraikitzen hasi zenetik, asko aldatu da Irungo gizartea. Eta zeresanik ez ikastola. Baina milaka irundar biltzen dituen lehengo eta oraingo ikastolaren hezkuntza komunitate zabalak, erabateko eragina izan du Irungo euskararen garapenean eta herritarren euskalduntzean. Irun aldatu egin da. Baina euskara eta euskal kulturaren egoeraz gurasoen kezkak bere horretan jarraitzen du. «Beharbada orain inoiz baino beharrezkoagoa da euskararen bitartez gizarte kohesioa bultzatzea, eta euskararen bueltan familiak eta irakasleak ondo pasatzeko aukera ematea», argitzen dute guraso elkartetik. Argi dute Txingudi Ikastolako Jaialdiak «hezkuntza komunitate hori trinkotu eta Irungo hirian sakabanaturik bizi diren familiak urtean behin ikastolaren baitan elkartzeko» helburua duela.
Iaz 60 urte bete zituen Txingudi Ikastolak, eta gaur egun bertan eskolatuak diren 2-16 urte bitarteko 1.200ndik gora ikasleek komunitate baten parte direla konzientzia har dezaten ere, bada besta honen helburuen artean. Betiere, «ikastolan elkarbizi diren 50etik gora jatorri desberdinetako familien aniztasunetik abiatuta, baina ikastolaren historiaren kate-begi bat gehiago direla oroitarazi, eta Irungo euskara eta euskal kulturari bultzada eman nahian».
Izan ere, Joxepi Etxeberria andereñoarekin eta 11 ikaslerekin Irungo Atsegiña elkarteak erabiltzen zuen Kale Nagusiko pisu batean aurreneko ikasgela zabaldu zueneko garaiak urrun geratzen dira. Baita ondorengo urteetan Hondarribiko Gurutzearen Alabak (egungo Egiluze) ikastetxearen babespean eman zituen lehen urratsak, edota ikastolako neska-mutilen ikasketak La Salle eta El Pilar ikastetxeek eskuzabaltasunez egiaztatzen zituzten garaiak ere. Orduz geroztik, garapen bizia izan du ikastolak sei hamarkadaotan. Sortu eta bost urteren buruan Maria Jesus Lertxundi, Miren Urrutia, Asentxi Otxoteko… andereñoekin 200 ikasle jasotzera pasa ziren, eta lehen urte zailenak gaindituta, 1969an Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko partaide bilakatu zen ikastola. Eta 1970ean ikastola legeztatu eta gero, 36.000 metro koadroko Jaitzubiko orubean Miguel Garai eta Jose Inazio Linazasorok proiektatutako ikastolaren eraikin berria 70. hamarkadako Euskal Herriko arkitektura pizkundearen ikono bilakatu zenekoa gogoan izango dute adineko irundar askok. Baita guraso elkarteak 1994an hartu zuen Euskal Eskola Publikoaren sarean integratzeko erabakia ere. Gerora Txingudi Ikastola handitzen joan da, eta Bidasoaldeko eskolarik handienak 1.200 ikasle inguru biltzen ditu gaur egun.
Egun osoko jaialdia
Hala, gaur egungo guraso taldea, asko ikasle ohiak, Txingudi Ikastolaren izena eta izana, oraina eta geroa lotu, eta irundar eta euskaldun harrotasunez izateari bide eman nahi izan dio jaialdia berreskuratuz. Joan den urtean ehunka lagunek gozatu zuten egunaren ondotik, aurten Txingudi Ikastolako Jaialdia indartzeko lanetan dihardu burubelarri Txingudiko Gurasoak elkarteko Jai Batzordea joan den otsailaz geroztik. Baita lortu ere.
Ekainaren 1ean goizeko 11:00etan Adaxka dantza taldeko haurren emanaldiarekin hasiko da eguna. 11:30ean, aldiz, Jaitzubiko zalditegiaren laguntzari esker, haurrek pottokan ibiltzeko aukera izango dute. Eta aldi berean, puzgarriak eta tailer desberdinak proposatuko dituzte jaialdiaren gunean. 12:00etan AstoKK Bingo solidarioa ospatuko da eremuaren aldameneko zelaian, eta astoek kaka egin arte luzatuko da. Tartean, 12:15ean Auntxa Trikitixa Taldeak eguerdia animatuko du erromeria giroan. Eta 13:45ean haurrentzako bazkaria izango da karpan. Bazkalondoan haur jolasak izango dira Txingurri Bihurri aisialdi taldeak dinamizatuta, eta gurasoen bazkaltzeko txanda izango da 14:30ean. Euskal kantu bazkaria izango dela iragarri dute. Lekua erreserbatzeko www.txingudikogurasoak.eus atarian egin behar da maiatzaren 20a baino lehen (haurrak 10 euro eta helduak 20 euro).
Arratsaldean, haur eta gaztetxoentzat Apar Festa prestatu dute. Eta ondoren 17:30etik aurrera musika eta dantzaldia eguna borobiltzeko. Guraso Elkarteak antolatutako txosna egun osoan zehar irekita mantenduko dute, eta bertan jan eta edateko aukera emango dute.
Auzolana eta lankidetza
Baina ospakizunetatik haratago, ikastolak bere historian zehar oinarrian izan duen elkartasunerako eta lankidetzarako gaitasuna erakutsi nahi izan dute jaialdi honen bitartez, guraso eta irakasle guztiei inplikatzeko deialdia eginez. Orain artean, Txingudi Ikastolako dozenaka gurasok parte hartuko dute antolakuntzan, aurreko muntaian eta ondoko desmuntaian, garbiketan, edota egunean berean antolatutako ekintza desberdinetan ere. Eta Irungo hainbat elkarte, eragile eta norbanakok jarriko dute beren hondar alea, Kemen dantza taldeko Adaxka, Auntxa Trikitixa Taldea, Jaitzubiko zalditegia, Txingurri Bihurri aisialdi taldea edota inguruko hainbat baserritarrek ere. «Askok ekarpen txiki bat egiten badugu, gutxi batzuk dena egin behar ez izatea lortuko dugu. Pixkat lan eginda asko gozatu daiteke eta jaialdiari jarraipena emango diogu horrela», gogoratu dute guraso elkartetik.
Aipamen berezia behar du, bestalde, 13:45etik aurrera egingo diren haurren bazkari eta helduen kantu bazkarian ere, 3. DBHko ikasleek eta euren gurasoek hartuko dutela parte zerbitzatzen. Izan ere, irabazi asmorik gabeko jaialdia bada ere, heldu den urteko 4. DBHko ikasleen ikasketa bidaia diruztatzeko balio izango du ekitaldiak, iaz bezalaxe.
AstoKK Bingo solidarioa
Baina aro berriko Txingudi Ikastolako Jaialdiak aparteko ekintza solidarioa jasoko du aurten. Guraso Elkarteak antolatzeko prest diren gurasoen proposamen eta ekimenak bideratzen dituen heinean, aurten guraso talde batek AstoKK Bingo ekimena antolatzeari ekin dio. Ikastolaren aldameneko Gebaralarre baserriaren zelaietan, pentze zati bat bingo taula bilakatuko dute, eta Irungo Usategieta baserriak utzitako bi asto askatuko dituzte bertan kaka egin dezaten. «Astoek erabakiko dituzte sariak, denak familian egiteko planak». Irisarriland, Sendaviva edota Mitologik ihes-jokoa familian gozatzeko aukera hain justu. Txartelak jaialdiaren egunean berean eskuratu ahalko dira (lehenago agortu ez badira), eta aldez aurretik Labore Txingudi (Urantzu kalea), Aldabe bulego-denda (Nafarroa hiribidea) eta Landetxa-Katea auzoko Arbium plazan dagoen Otazpi Berri ostatuan eros daitezke 3 eurotan.
Baina helburua bestelakoa da. Bildutako dirua, Irungo Euskal Jira laguntzeko bideratuko du guraso elkarteak. 1928tik abuztuko lehen igandero ospatzen den Irungo nekazal eta euskal kulturaren jaiaren antolatzaileek aurten zailtasun ekonomiko handiak dituztela jakin bezain pronto, milaka lagun osatzen duen Txingudi Ikastolako hezkuntza komunitateak zerbait egin zezakeela pentsatu zuten guraso elkartetik.
Aurtengo Euskal Jira antolatzeko modua izango dute, baina iragarri dutenez aurrerantzean Irungo Udalak «gorde beharreko kultur ondare» gisa sustengatuko ez badu, datozen urteei begira antolatzen jarraitu ahalko dutenik ere zalantzan jarri dute. Beraz, Txingudi Ikastolak euskal kulturarekin duen konpromisoarekin bat eginez, aparteko ekimen hau antolatzea bururatu zaio guraso elkarteari. «Ekarpenik txikiena ere garrantzitsua da Irungo Euskal Jira bizirik mantentzeko, baina lortu dezakegun ekarpen ekonomikoaz gain, sinbolikotik ere badu asko», azpimarratu du Txingudiko Gurasoakek.
Jasangarritasunaren aldarria
Txingudi Ikastola hirutan saritua izan da Eusko Jaurlaritzaren Eskola Jasangarria izendapenarekin azken urteotan. Eta eskola eremua zuhaitzez eta berdegunez inguraturik egoteaz gain, jasangarritasun eta kontsumo arduratsuaren irizpideei garrantzi handia ematen diote arlo pedagogikoan ere, 2030 Agendaren baitan. Baina agintariek KM0 produktuak eta ekonomia zirkularra aldarrikatzen duten garaiotan, Bidasoan nekazaritzak izan duen gainbeheraren lekuko da ikastola bere inguruko lurretan ere.
Hirigintza proiektuen ondorioz desagertzeko zorian dagoen edo testimoniala bilakatu den Irungo baserri munduaren adibide bat gehiago da Irungo Euskal Jira haien ustetan, eta nekazal izaera babestu beharra dagoela aldarrikatu nahi dute ekimen honen bitartez. «Irun esatean, hiria datorkigu burura, baina udalerriaren azaleraren %75a mendia, natur parkeak eta nekazal lurrak dira, eta Irungo euskal kulturaren sustrai horiek lehen planora ekarri nahi ditugu ekimen bitxi honekin, baina umore onez eta familia giroan», diote guraso elkartetik, «haurrek astoak bertatik-bertara ikusi, eta beharbada gaia aipatu eta konzientzia hartzeko aukera ere eman dezake familia askorentzat».
Hain justu, ikastola aldameneko zenbait nekazal lur eta baserri agintariek aurreikusita daukaten Zubietako Parke Teknologikoaren proiektuaren ondorioz desagertuko dira etorkizun hurbilean. Ez oso urrun, Oinaurren edota Landetxa-Katea auzoa bitan banatzen duten errepide eta industriguneekin gertatu izan den bezala, hirigunetik hurbil dauden baserriak desagertzen doaz pixkanaka. Irunen ere «baserritarrak dira beti hirigintzaren lehen biktimak», diote Txingudiko Gurasoek, «eta horrekin Irungo euskal kulturaren ondare oso bat dago jokoan, bizimodu oso bat».
Oharra: Xehetasun gehiago behar izanez gero, eta bazkarirako erreserbak egiteko www.txingudikogurasoak.eus edota 691 39 75 77 telefonora deitu.