Irunbuseko gidariek «35 orduko lanaldia eta beldurrik gabe» gidatu ahal izatea eskatu dute lehen greba egunean

Koldo Nausia 2024ko mai. 13a, 15:12

Maiatzan deitu dituzten lau greba egunetako aurrenekoak «erabateko jarraipena» izan du ELA eta UGT sindikatuen arabera. Asteazkenean AUIFeko zuzendaritzarekin negoziatzeko bilera dute, baina akordiorik lortu ezean maiatzaren 20ko greba mantenduko dute. Eta hilaren 27 eta 31koaren ondotik ere, Irungo Udalak udalbatzan onartu nahi dituen kontratu berriaren plieguetan beren eskaerak aintzat hartuko ez baditu, ekainan jarraituko dute.

Irungo Udalak iragarri bezala, IrunBus zerbitzuen %30a besterik ez dute bermatu ahal izan zerbitzu minimoetan, nahiz eta L1 Ospitalea-Zaisa/Behobia arteko linea nagusiak orduro bi segurtatu ditu ia egun osoan zehar. Maiatzaren 20, 27, eta 31rako ere deitu dute greba, eta Irungo Udalak haien aldarrikapenak aintzat hartzen ez baditu ekainan mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri du Aitor Iturain ELAko ordezkari sindikala. Sindikatuek enpresari eta udal ordezkariei jakinarazi die aurretik zeintzuk diren eskaera nagusiak. Eta arlo ekonomikoan KPIaren aurtengo eguneratzea onartu egin dio enpresak.

Aldiz, lan hitzarmen berria onartu gabe dago, eta soldaten eguneraketa hori sistematikoa eta urtez-urtekoa izan dadin nahi dute. Izan ere, prezioak igotzen doaz, baina soldatak ez. Irunbus lineatako gidari grebalarietako batek Antxeta Irratian egoeraren argazki bat egin du: «2000 urtetik gidaria naiz, Irunbusen zazpi urte daramatzat, eta Irunen beste inonen baino okerro, zazpi urte soldata berarekin, ez dute gurekin pentsatzen», salatzen du.

Langileekin xuhur

ELA sindikatuak oroitarazi du Irungo Udalak 4 milioi euroko inbertsioa egin duela urteotan autobus elektrikoak erosteko, baina langileen lan baldintzekin «xuhur» jokatzen duela. Eta ez zaio oharkabean pasatzen, AUIF enpresak udal hiribus zerbitzuaren kontratua luzapenean badu ere, maiatzan 5 urteko esleipen berria egiteko plieguak onartuko dituela Udalak. Hortaz, «orain da momentua lan baldintzak kontuan hartzeko», dio Aitor Iturainek.

Horiek hala, enpresak 2024ko KPIaren eguneratzea onartu badu ere, lanaldia da negoziazioa blokatzen duena. Gaur egun 1.792 ordu lan egiten dute Irungoi hiribuseko gidariek urtean, langile publikoek 1.592 egin ohi dituztenean. Beraz, lanaldiaren murrizketa eskatzen dute, baina enpresak Udalari, eta Udalak enpresari dagokiola erantzun diete orain artean. ELA sindikatuak argitu duenez, «Irungo Udala PSE-EE alderdiaren eskuetan dagoela kontuan hartuta, eta PSOEk Madrilen astean 35 orduak defendatzen dituela ikusita, ez dugu besterik eskatzen. Udaleko beste arlo batzuetan azpikontratetako langileek ere 35 ordu egiten dituzte lan, beraz, borondartea baldin badago posible da».

Gidariek azpimarratu dutenez, beste gidari batzuk baino 13 egun gehiago lan egiten dituzte Irunbusekoek. Hau kontuan hartuta, Iturainek iragarri du, asteazken honetan (maiatzak 15) AUIF enpresako ordezkariekin bilera dutela negoziatzeko, eta akordiorik lortzen ez badute maiatzaren 20ko grebarekin aurrera jarraituko dutela.

Gidarien segurtasuna

Bestalde, lan osasunaren arloan gidariek azken hilabeteotan bizi izan dituzten eraso eta episodio biolentoek kezkatzen ditu AUIFeko 27 gidariak. Grebalarietako batek aitortu digunez, joan den astean bi eraso jasan dituzte «eta harrikadak bota dizkiote autobus bati ere».

Baina eraso zuzenetatik haratago, Irunbuseko erabiltzaile kopurua urtetik-urtera emendatzen doan heinean tentsio uneak gertatzen dira. «Jendea pandemiaz geroztik urduriago dago, erabiltzaile askok ez dute errespeturik, baina hirian kotxeetan ere jendea oso biolentoa da, eta istripu arrisku handia dugu», aitortu digu gidarietako batek.

Hau guztia kontuan hartuta, Irungo Udalari eta AUIF enpresari gidarientzat segurtasun neurri gehiago eta protokolo bat aztertu dezatela eskatzen diete. «Ez dugu eroso edo trankil lan egiten, beldur gara», diote.