1.564ko San Juan Harri zutabea kare-harrizkoa da, eta urteen poderioz haizearen eta euriaren higaduraren ondorioz hondatzen ari da. Udal ordezkariek diotenez, hezetasun eta zikinetaz libratzeko noizean behin egin behar zaizkion garbiketa baikotzean ere, are gehiago kaltetzen da. Hau dela eta, Irungo Udal Gobernuak hiriko ikur den ondare historiko-artistiko honen erreplika bat egiteko 30.000€ bideratzea proposatu du maiatzaren 31n ospatuko den 2024ko udal aurrekontuen kreditu aldaketan. Udalak ez du aurreratu kopia gordetzeko izango den, ala gaur egungo zutabe originala gorde eta erreplikarekin ordezkatzeko helburua ote duen.
Nolanahi ere, Udalak hiriaren ikur den zutabe honekin gertatutako ezbeharrekin eskarmentua badu. Izan ere, 2007ko martxoan Vatikanoko eraikina eraisteko lanak egin behar zituztela, TEUSA enpresak San Juan Harri babesteko aldamio egitura batekin inguratu zuen. Eta gauez izandako haizete bortitz baten ondorioz, estruktura mugitu eta San Juan Harria osatzen duen San Juan haurraren eskultura lurrera bota eta hiru zatitan apurtu egin zen. Honakoa ezin izan zen behar bezala berriz osatu, eta haren erreplika bat egitea erabaki zuen Udalak orduan. Gaur egun kopia hori da zutabearen gainean ezarrita dagoena, eta ez XIX. mendean San Juan Harria zutabea apaintzeko ezarritako eskultura. Zutabea, aldiz, 1.564etik plaza buru den originala da.
Adituak erabat ados jartzen ez badira ere, San Juan Harria 1.564an udaletxe aurrean ezarri zuten Irunek Herri Gutuna lortu zueneko oroitarri gisa. Hau da, Hondarribiko auzo edo Universidad de Irun izateari utzi zion garaikoa. Hala izan ala ez, zutabea hiriko ikurra den heinean, ondarea babestu eta erreplika hori egiteko asmoa dute orain.