Betti Gotti elkarteak aurtengo Irungo Koadrila Eguna aurkeztu du gaur, Antxeta Irratiarekin batera. Izan ere, zortzi urteren ondotik, kamiseta lehiaketa itzuliko da irrati honen eskutik. Ekainaren 22an izanen da aurtengo koadrilen eguna, eta Betti Gottitik azaldu dutenez, iazko hitzorduan parte hartzaile batzuek izan zituzten jarrera desegokiak ez dituzte berriz onartuko. Elkarteko kidea den Yera Lakak azaldu duenez, "langileen aurkako halako erasoak ez ditugu onartzen, eta mahaiaren inguruan daudenak errespetatzea beharrezkoa da". Berriz ere halakorik izanez gero, gunea itxi eta beharrezko neurriak hartuko dituzte.
Eta iazko bazkarian izan ziren erasoez gain, Irungo udalaren jarrera ere salatu dute Betti Gottikoek. Hain zuzen ere, udalak ematen dien laguntza apalegia dela adierazi dute, eta antolatzen dituzten ekimenen etorkizuna baita elkartearen bideragarritasun ekonomikoa ere arriskuan direla azaldu dute.
Bitartean, ekainaren 22an izanen da aurtengo kuadrilen eguna, ohiko herri bazkari, kontzertu, desfile eta bertzelakoekin. Aurtengo berrikuntza nagusia baina, 2016tik antolatu gabe zen kamiseta lehiaketaren itzulera da. Antxeta Irratiaren eskutik izanen da hori, Koldo Nausia Antxeta Irratiko kazetariak azaltzen duenez: "Irratia izateaz gain elkartea ere bagara, eta jai parte-hartzaileetan sinisten dugu".
Maiatzaren 30ean hasi eta ekainaren 16rarte aurkezten ahalko dituzte lagun taldeek haien kamiseta diseinu proposamenak bettigotti.eus webgunean. Ondotik, bi elkarteetako epaimahaiak hautatuko ditu irabazleak eta sari ederrak izanen dituzte irabazteko.
Herri bazkariari dagokionez berriz, maiatzaren 24ko eguerdian jarriko dira txartelak salgai Betti Gottiren webgunean. Prozedurari buruzko xehetasun guztiak ere webgune horretan atxemanen dituzue.