Hilabete iraungo duten asmo handiko sanmartzialak aurkeztu dituzte

Koldo Nausia 2024ko mai. 17a, 15:15

San Pedro eta San Martzial jaietako programazioa hilabete oso bat hartuko du, eta Udalak Irungo hamaika elkarte eta eragilerekin lankidetzan antolatutako 160 jarduera baino gehigorekin «aurreikuspen guztiak gainditzeko» helburua dute, kirola, musika, kultura, gastronomia eta haur, gazte zein helduentzako hainbat berritasunekin.

Ekainaren 2an txirrindularitza San Pedro Klasika sariarekin hasiko da egitaraua, eta uztailaren 1ean Zabaltza plazan arrakasta bildu ohi duten umorezko bakarrizketekin amaituko dituzte jaiak. Aurten Jose Corbacho eta Paula Pua umoregileen bisita iragarri du Nuria Alzaga Kultura zinegotziak. Izen handiek osatuko dute, jakina den bezala, musika eskaintzaren jaietako kartela ere. Izaro (ekainak 14), Camela (ekainak 15), Zetak (ekainak 22), Kaotiko (ekainak 23) eta ekainaren 28ko Soto Asa bezalakoez gain, tokiko musika taldeek ere izango dute beren aukera. Puro Relajo, Solar Sound edo Zilibito Records besteren artean.

Dena dela, Udalak proposatutako hitzordu handietatik haratago, sanmartzialetan herritarrak erdigunean jarri eta Irungo eragileek «ilusio handiz» antolatutako hitzordu xumeago askok osatuko dute programazioa. Batzuk finkoak dira, Juanma Garate Martxa Zikloturista (ekainak 16), Bakailu Pil-Pil txapelketa, ekainaren 22an BATek antolatutako San Martzialgo Igoera lasterketa edo 3x3 Saskibaloi txapelketa, eta jaietako azken egunean, baserritar eguna eta uztailaren 1eko Pilota Jaialdia Urantzu frontoian, besteak beste.

Gazteria arlotik ere, urteotan antolatu duten Gaztegunea ekainaren 25etik 27ra Santiagoko frontoian gazte-nerabeei zuzendutako musika emanaldi eta jarduerekin errepikatuko dute. Eta aurten txikienentzat ere, IrunBixi ekimena martxan jarriko dute. Haurrei zuzenduta ere, ekainaren 25ean “Pailazoak, Tomaxen abenutrak” ikusgarria eta ekainaren 26an “Zientzialariak” magia ikuskizuna Sun eta Masel magoen eskutik.

Nobedade nagusiak

Aldiz, hainbat berritasun izango dira aurtengoan elkarteen eskutik. Alde Zaharra auzo elkarteak, adibidez, Nazioarteko Irundar Tortila Txapelketa antolatuko du ekainaren 16an San Juan plazan. XIX. mende hasierako irundar errezeta bat jarraituz, 20 parte hartzailera mugatuko dute lehen edizio hau. Bestalde, ekainaren 22an Eguzkitza ikastetxean Euskodron elkarteak Irune Drone Racing droi lasterketa proposatuko du. Udalak iragarri duenez, San Fermin txiki bat ere ospatuko dute aurreneko aldiz. Hondarribiko jaietako irekieran azken urteotan arrakasta bildu duen Zezen Puzgarrien Entzierroaren antzeko ekimen bat antolatuko dute ekainaren 24an, Urdanibia plazatik hasi eta San Juan plazan amaituko dena.

Irungo Udalak jakinarazi duenez, ekainaren 3an sanmartzialetako egitarauaren 27.000 ale banatuko dituzte etxez-etxe, eta 2.500 kartel izango dira hiriko komertzio, ostatu eta zerbitzu publikoetan jaiak iragartzen. Bitartean, xehetasunak online www.irun.eus eskura egongo dira ere.