Gaur, maiatzaren 23a, 62 urte bete dira C.D. Bidasoa sortu zela. Aldiz, Irungo Udalak atzoko eguna hautatu zuen Bidasoako jokalari eta teknikoei egindako denboraldi historikoa aitortzeko. Cristina Laborda alkatea okasiorako horiz jantzita harrera buru zela, Udalak eta klubak zalegoari deialdia luzatua zioten atzo San Juan plaza horiz betetzeko. Baina eguraldi txarrak batetik, deialdia arratsaldeko 17:00etan zela, eta ordu berean Bidasoa-Txingudi partzuergoak antolatutako Eskola Kirolaren mugazgaindiko olinpiadetan Irun, Hendaia eta Hondarribiko lehen hezkuntzako ikasle eta haien gurasoak Ficoban ospatzen ari zirela medio, deialdiak ez zuen behar haina erantzunik jaso.
Halere, udaletxeko areto nagusian egindako harreran denak ziren irrifarrak. Harreran Jean Pierre Harokarene lankidea Eneko Furundarena jokalari usurbildarrarekin mintzatu da. Bigarren aldia da harrobiko jokalariarentzat txapeldunordetza eskuratzen. Baina aitortu digunez, aurreneko aldian bigarren eta lehen taldearen arteko trantsizioan zebilen oraindik. Aurtengoa ez duela sekulan ahaztuko aitortu digu.
Izan ere, Bidasoak EHF Europa Ligako txartela eskuratu berri du Asobal Plenitude Ligako txapeldunorde izendatuz. Oraindik ere Cuencan jokatu beharko dute larunbatean 17:00etan. Eta Borja Burguete bigarren entrenatzaileak aitortu duenez, ez da partida erraza izango. Bigarren postua ligan segurtatua dute matematikoki, baina garaipen batekin borobildu nahi dute bidasotarrek aurtengo liga. Baina Cuencak beheko postuengatiko lehia du jokoan oraindik, eta Bidasoak ez du azken lau urteotan han irabazterik izan.
Bestalde, maiatzaren 31n Jaenen jokatuko duten Errege Kopa jokatuko dute oraindik. Caserio Ciudad Realen aurka jokatuko dute, eta irabaziz gero, litekeena da Bartzelona ahalguztidunaren aurka jokatu behar izatea final-erdietan. Aurten ligan bi partidak lehiatu ditu Bidasoak, haien aurkako Artalekuko partidan berdinketa lortuz.