Europara begirako helburuetan batasuna irudikatzeko, EAJk Ipar eta Hegoaldeko bere hautagaiak batu ditu Hendaia-Irun arteko Avenida Zubian, Europako Parlamenturako hauteskundeen kanpainaren karietara. Alderdi politiko bera, bi zerrenda edo aliantzetan banaturik aurkeztuko da Europako bozetarako, Estatuen Europa bizirik dagoelaren erakusle. Iparraldeko zerrenda, Ecologie Positive et Territoires aliantza ekologista-zentristaren barnean doan bitartean, Yann Wehrling buru eta Jean Telletxea urruñarra hirugarren delarik, Hegoaldeko EAJ Balear eta Kanariar Uharteetako alderdi politikoekin batera doa, eta Oihane Agirregoitia izango da zerrendaburu. Ekitaldi politikoan Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu du. Eta berarekin hitz egiteko aukera izan dugu ondoko elkarrizketan.
Iparraldeko zerrendari dagokionez, lurraldeak erdigunean jarririk, ekologiaren eta animalien defentsan lan egiteko helburuak azpimarratu ditu. Baina ekologistekin bat eginik daudelarik ere, berdeen familiarekin aldeak dituela nabarmendu dute. Abiadura Handiko Trenaz galdegitean, trenaren aldekoak direla dio Yann Wehrlingek. Eta kontzertazioaren defendatzaile sutsuak direla herritarrekin erabakiak hartzerako garaian.
Hegoaldeko EAJ-PNBko zerrendaburuak, Oihane Agirregoitiak bere aldetik, Europaren aniztasuna defendatzen du, desberdintasuna izan arren familia politikoen artean. Macronen leinuko taldean barneraturik badago ere, Frantziako Gobernuak migrazio politiketan hartu duen jarreraren aurrean, bestelako ikuspegi bat dute jeltzaleek. Migratzaileak babestu eta oinarrizko eskubideen defentsa azpimarratuz.
Iñigo Urkullu lehendakariak ere, EAJk Europan makroeskualde bat sortzea defendatuko duela iragarri du, Frantzia eta Espainiako eskualdeekin batera, Mediterraneoko eskualdeei konkurrentzia egin ahal izateko. Nolanahi ere, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak azken urteetan estutu egin direla oroitarazi du Urkulluk. «2012az geroztik Akitania Berria eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Euroeskualdea, lankidetza protokolo bat bada, baita Donostia-Baiona artekoa ere, eta erakunde publikoez gain, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Ikastolen Elkartea edota unibertsitate, merkatal ganbera eta beste hainbaten artean ere askoz ere hurbilago gaudela uste dut», esan du Urkulluk Antxeta Irratiko mikrofonoetan.
Entzun jarraian Iñigo Urkulluri eta Oihana Agirregoitiari egindako elkarrizketak.
EH Bilduren kanpaina hitzorduak Bidasoan
Bestalde, hauteskunde kanpainaren baitan, Errepublika Orain zerrendan doa bere partetik EH Bildu europar parlamenturako hauteskundeetarako. Eta gure eskualdean bi deialdi egin dituzte. Maiatzak 30ean19:00tan Irungo Almudena Grandes plazan Larraitz Ugarte eta Gorka Elejabarrietarekin. Eta ekainaren 3an 19:00tan Hondarribiko San Pedro kalean (Itxaropena eta Gran Sol tabernen artean), Olaia Duarte eta Jon Altolagirrerekin.