Ozta-ozta atera da bizirik Real Union

Antxeta Irratia 2024ko mai. 26a, 14:18

Real Unionek 1. Federazio mailan jarraituko du urte bat gehiago, A Coruñan 3 eta 1 galdu duen arren. Ligako talderik okerrena izan da etxetik kanpo, eta azken jardunaldian, mailako futbol zelairik zailenean ez da gidoia aldatu. Sestao, Fuenlabrada eta Sabadell arerioen emaitzei so amaitu zuten denboraldia, okerrago baten beharretan.  

Deportivoko zalez mukuru betea zen Riazorren (27.041 ikusle) irundarrek ez zuten punturik eskuratzeko lehian sartzerik izan ere, eta arerioen emaitzei behar egon ziren zaletuak jardunaldi unifikatua zenez. Sestaok eta Fuenlabradak euren partidak hasieratik bideratu zituzten, baita irabazi ere. Eta Sabadellek Lugon hiruna berdindu zuelako salbatu da Real Union. Txuribeltzen partida amaituta zegoela, Sabadellek 3-1 galtzetik berdinketa lortzera pasa zen denbora gehigarrian, eta tentsio uneak bizitu zituzten irundarrek. Baina salbazioa eskuetan ondo ospatu zuten jokalariek aldageletan. Irazustabarrena, ‘Txusta’ atezain eta kapitainak aitortu digu ez zituela beste emaitzen berririk jaso nahi partidan zehar, baina ikusten zituela «taldekideen eta aulkikoen aurpegiak». Azkenean estu eta larri salbatu dira, baina lortutakoa balioan jarri beharra dagoela azpimarratu du kapitainak. «Iaz ere Numantzia edo Logroñesek maila galdu zuten, eta balioa eman behar zaio Real Unionen egiten ari denari, maila mantentzeak balio behar du klubak hazten jarrai dezan», dio Txustak. Sabadellek ere hartu du 2. Federazio mailarako bidea igoera playoffetara sailkatzeko aurrekontu eta taldea zuenean. Eta Real Unionek 2,4 milioi euroko aurrekontuarekin egitura handiak dituzten klubekin lehian ari baita.

Baina horrek ezin du taldeak egindako denboraldi gorabeheratsu eta kaxkarra estali. Stadium Gal ezinbestekoa izan da mailari eusteko. Sasoi hasierako “Galeko rock and rollari” esker bildu ditu eskuratutako 43 puntuetatik gehien (33). Izan ere, etxetik kanpo zailtasun handiak izan ditu taldeak denboraldi osoan zehar, bi garaipen eskaxekin. Laugarren jardunaldian Arenteiron 2-3 irabazi zuen taldeak bere aurreneko partida etxetik kanpo, eta urtarrilaren 27an Tarazonan lortutako bigarrena izan da azken garaipena Galetik at. Zerbaitegatik eskuratu ditu 10 puntu etxetik kanpo jokatutako 57etatik. Eta jeitsiera postuetatik aldentzeko premia izan duen azken jardunaldietan ere, kanpoan jokatutako azken bost partidak galdu egin ditu. Horietariko batzuk arerio zuzenen aurka.  

Era berean, defentsa lanetan zailtasun handiak izan ditu taldeak lehiakor izateko. Hori adierazten dute golaverage datuek ere. Ligako bosgarren talderik golegileena izan bada ere, 46 eginda (Anton Escobarrek 12 egin ditu), beste 53 aldiz jaso behar izan dute txuribeltzek baloia euren sareetatik. Gol gehien jaso dituen hirugarren taldea izan da Ligan. Beraz, lehiakorragoak izateko aldaketak egin beharko dituzte bulegoetan erabakiak hartzen dituztenek.

Uda osoa dute horretarako. Eta mailari eusteko balentria lortu izanaren lasaitasunarekin.