Haurrak musikan murgiltzera gonbidatzen ditu Ametsa abesbatzak

Antxeta Irratia 2024ko mai. 28a, 10:29

Eskualdeko ahots zurien korurik aktiboenak, joan den astean Amaia KZn Kontzertu Pedagogikoa eskaini ondotik, abesbatzaren esperientzia probatzeko deialdia luzatu du, maiatzak 28an eta ekainaren 1ean ate irekien jardunaldiak antolatuz. Entzumena, arnasketa eta ahotsa lantzeaz gain, musika hezkuntzak garunaren garapen kognitiboa azkartzen duela azpimarratu dute eramaileek.    

Joan den astean Ametsa Txikiko haurrek LH4 mailako Irungo eskolarteko guztiei zuzendutako Kontzertu Pedagogikoa eskaini zieten Amaia Kultur Zentroan. Aste honetan, aldiz, elkartea bera da haiekin bat egin dezaten haur eta familiei zuzendutako ate irekien jardunaldia antolatu duena. Arratsaldeko 18:30 hontan (maiatzak 28) Dunboako kanalean, Euskal Jai frontoiaren aldamenean Ametsa abesbatzak duen egoitza ate zabalik egongo da beraz, kultur elkarte honek 7-12 urte bitarteko neska-mutilentzat.

Izan ere, elkartean lau urterekin has daitezke haurrak musika tailerretan, eta 5 urterekin Ametsa Txiki Txikia hastapen mailako korua osatzen dute, ondoren 7 urtetik aurrera Ametsa Txikian abesten hasteko. Korua 7 eta 14 urte artekoek osatzen dute, eta haien arteko lankidetza handia dela azpimarratzen du elkarteak. Eskarmentu gehiago duten haurrek txikiei laguntzen baitiete.

Gurasoei abesbatzan txikiekin egiten den lana azalduko diete, eta haurrek ere tailer bat egiteko aukera izango dute. Ekainaren 1ean, aldiz, (10:30ean) Musika Hezkuntza Goiztiar tailerra proposatuko dute 0-2 urte bitarteko familientzat, eta 4-6 urteko haurrentzat tailerra 11:30ean.

Musikaz gozatzeko aukera

Ametsa Txiki abesbatzako haurrek koru eta musika klase egun bana jasotzen dute astero ikasturtean zehar. Koruaren eramailea Leticia Vergara mezzosoprano irundarra da, eta musika irakaslea Itsasne Fernandez.

Leticia Vergarak gurasoak animatu nahi izan ditu gainerako eskolaz kanpoko jardueren artean, heziketa musikalari leku egiteko. «Oso garrantzitsua iruditzen zaigu musikan murgiltzea txikitatik, bere bizitza osoan onurak ekarriko dizkiolako», dio Ametsa Txikiren zuzendariak. Eta musika edo abesten ikasteaz gain, urtean zehar eskaintzen dituzten kontzertu eta agerraldi desberdinetan parte hartuz, jendaurrekoan urduritasunak kudeatzen ere ikasten dutela nabarmentzen du Vergarak. Beti modu ludiko eta jostagarri batean, norbere gaitasunetatik haratago, musikaz gozatu eta ondo pasatzea baitute lehen erronka. 

Zientziak frogatutako onurak

Medikuntza arlotik frogatuta dagoela dio. Izan ere «garuna osatzen denean musikak sortzen dituen konexioak, eta musika koralak bereziki, entzumena, arnasketa eta ahotsa zein eztarriaren garapen egokian laguntzen du», argitzen du Vergarak. Bestalde, gaitasun kognitibo, psikomotore eta afektiboetan ere lagun dezake. «Amaren sabelean ere musika entzuteak bere eragina duela esan ohi dute», oroitarazten du. Horregatik ere, ez da ohiko eskaintza, baina Ametsa abesbatzak 0-3 urte bitarteko haurrei zuzendutako heziketa musikal goiztiarra proposatzen du. Gurasoekin batera txikienen kasuan, eta adinaren arabera haurrak bakarrik ere. Hau dohainik probatzeko aukera izango du bidasotar orok ekainaren 1ean. Astearte honetan, aldiz, haurrei zuzendutako koro ikastaroa proposatuko zaie.

Ate irekien egunetan bertan, nahi duten familiek datorren ikasturterako izena eman ahalko dute. Horrez gain, kasu batean zein bestean, 747 434 069 telefonoan edo secretaria@coroametsa.org helbidean ere galdetu dezakete.