Ekainaren 2an, igandean, Irungo Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen Done Pedro Sari Nagusiaren 103. edizioa ospatuko baita. Estatu mailako klasikarik zaharrena da, eta tradizio handiko proga izaki, profesional mailara jauzia emateko atarian dauden txirrindulari onenetakoak bilduko ditu. Jorge Garcia, Txirrindulari elkarteko ordezkariak azaldu digunez, «maila polita izango da, Nafarroako txapelduna Alex Diaz urretxuarrak parte hartuko du, baita bigarren sailkatua Iker Trigo ere, Jon Morillo irundarra, Mikel Irigoien beratarra edota Iñaki Ordokik ere konfirmatu dute».
Proba goizeko 9:30ean abiatuko da Urdanibia plazatik eta San Juan plazan izango du helmuga. Antolatzaileek iragarri dutenez ez du aldaketa handirik izango, eta 140 kilometroko ibilbidea egingo du Gaintxurizketako bidea hartuta, Errenteria, Oiartzun, Astigarraga, Hernani, eta bertatik Nafarroara pasako da, Goizueta, Basakabiko mendatea, Ezkurra, Zubieta, Aurtitz, Ituren, Elgorriaga, Doneztebe, Sunbilla, Lesaka eta Agiñako mendatea gaindituta Oiartzundik Gurutze eta Landetxa-Katea auzoetatik Irunen amaitzeko.
Ekainaren 16an martxa zikloturista
Bestalde, atzoko agerraldia aprobetxatu zuten kirol elkarteko zein udaleko ordezkariek ekainaren 16an jaien egitarauaren barruan ere, ospatuko den Juanma Garate Martxa Zikloturista aurkezteko. Bi ibilbide proposatuko dituzte, luzea 122 kilometrokoa batetik, eta bestea 72 kilometroko laburra. Nornahik parte har dezake proba honetan eta izen-ematea 65 eurotan egin daiteke hemen sakatuta.
Borja Olazabal Udaleko Kirol zinegotziak argitu duenez, egun horretan Camelaren kontzertua izango da, dagoeneko sanmartzialetako atariko asteburuan, eta lasterketaren ondorioz emango diren trafiko aldaketen berri emango dute xehetasun handiz hitzordua hurbildu ahala.