Dena prest dute Ficoban ekainaren 7tik 9rako asteburuan ama lurrarekin pentsatuz antolatzen den espainiar estatuko azoka erreferentzialena ospatzeko. Bioterra. Maialen Gaztañaga, azokaren arduradunak iragarri du, edizio honetan bereziki jantzigintza eta moda ekologikoak protagonismo handia izango duela azokan, Bioterrak kontsumo arduratsuaren eta bizimodu berdeago baten alde egiten duen sektorearen dinamiken eta berrikuntzen lekukoa dela gogoratuz. Hala ere, kosmetika ekologikoa, bioeraikuntza, energia berriztagarrien punta-puntako produktu eta proiektuak ezagutzeko parada emango du aurten ere.
Itsasoen kontserbazioa
Haatik, aurtengo edizioak aktibismoari arreta berezia eskainiko dio. Eta klima aldaketa eta itsasoen kutsadurari buruz sentsibilizatzeko ekimen andana jasoko ditu. Cristina Laborda Irungo alkateak gogoratu duenez, «klima aldaketa agenda eta eztabaida politikoan oraindik ere ez zegoenean, Ficoba aintzindari izan zen duela bi hamarkada azoka honekin». Eta oraingoan ere, aurrerapauso bat emango du itsas hondakinen sentsibilizazioaren arloan. Aurtengo azokaren leloa «Konpromiso ekologikoa» izango da. Eta azokaren arduradunak, Maialen Gaztañagak iragarri duenez, aurten ozeanoak izango dira protagonista, azokan eta paraleloki progrmatu dituzten 50 jarduera baino gehiagotan ere. Horrela, aurten Bioterra Ozeanoen Munduko Egunarekin bat egingo du, eta bertan egingo dira Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astearen (Basque Environment and Oceans Week - BEOW 2024) jardueretako batzuk. Gai hau jorratzeko hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira, esate baterako, "Planetaren mugak ozeanoetan" mahaingurua egingo dute Marta Pascual Klima Aldaketaren Euskal Zentroko doktorearekin, eta Maite Mompó, Stop Ecocidio kanpainaren zuzendariarekin.
Bestalde, ingurumenaren kontserbazioan fokua jarriaz, Espainiar estatuko kostaldeko plastikoen kutsaduraren lehen mapa egiteko belaontzian ibili den Nacho Dean-ek hitzaldia emango du Bioterran. Eta Surfrider Fundazioak herritarren ohiturak aldarazteko Donostian grabatutako hiru film laburren “Aldaketa olatuak” proiektua aurkeztuko dute.
Eskualdeko zenbait eragilek ere parte hartuko dute hari beretik. Antxeta Irratian aste honetan elkarrizketatu dugun Recicla-Birziklatu elkarteko ordezkariek ere postu bat izango baitute azokan. Eta bertan Hendaiako San Bixente eskolako 3-11 urte bitarteko ikasleekin ikasturte honetan hilabetero egin duten Hendaiako Txingudiko Badiako hondartzaren garbiketa proiektua aurkeztuko dute. Baita bildutako hondakinekin ikasleek egin dituzten sentsibilizatzeko helburua duten bost muralen erakusketa ere. Ez da Bioterran aurkeztuko den antzeko proiektu bakarra. Izan ere, ekainaren 8an, 17:30ean, Estatuko unibertsitateen G9 taldeak sustatutako “Itsaso bete zientzia” sariak banatuko zaizkie Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei.
Klima aldaketa eta itsasoen eta biodibertsitatearen kontserbazioa ez ezik, Bioterrak gehigorako emango duela azpimarratu dute antolatzaileek. Arlo dibulgatibo eta ludikoan, ekonomia zirkularra, ekoantsietatea, PortaClima topaketa tailerrak, kosmetika naturaleko tailerrak, ekainaren 9ko ‘Yoga Eguna’ masterclass saioekin, edota elikadura jaso ohi duen azken pabilioian, Ekolurreko azoka eta produktu ekologikoen eskaintza, eta showcooking saioak ere izango dira asteburu osoan zehar. Gaztañagak argitu duenez, adin guzietarako jarduerak programatu dituzte, eta beraz «Bioterra eguna pasatzeko plana da». Gainera urtero bezala, zozketak egingo dituzte produktu ekologikoak eta azokan erabiltzeko erosketa-bonuak banatzeko, eta 100€ko zozketak ekimenarekin bat egin duten Gipuzkoako belar-denden bezeroen artean. Gogoratu sarrera dohainik izango dela.
Bizikleta ere protagonista
Ficobak bere azoketan karbono arrastoa Zero izateko helburua duen heinean, bisitariei Bioterrara Euskotreneko topoan, oinez ala bizikletaz joateko eskatu die. Txirrinda izango baita aurtengo beste protagonistetako bat azokan. Bidasoaldean hiri-bizikleta sustatzen duten Balazta eta Hendaiako Recycclarte elkarteek parte hartuko dute. Eta Txingudiko Zerbitzuak bigarren eskuko bizikleten Merka2dasoa azoka bertan antolatuko du. Asteburu osoan zehar, bizikletak saldu eta erosteko aukera emango dute bertan, 10:00etatik 20:00ak arte ostirala eta larunbatean, eta igandean azokak 19:00tan itxiko duen arte. Bizikletaren bat saldu nahi duenak www.txinzer.eus atarian izena eman beharko du.
Eta bizikletez ari garela, Dani Cabezas kazetari eta musikari madrildarra ere Bioterran izango da. Ciclosfera hiriko txirrindularitzari buruzko aldizkariaren erredaktoreburua eta “La revolución silenciosa: la bicicleta como motor de cambio en el siglo XXI” liburuaren idazlea da, eta hitzaldia emango du.
Heldu den ekainaren 4an, asteartean, Maialen Gaztañaga Bioterra azokaren arduraduna izango dugu gonbidatu Goizeko Kafean azoka sakonean aztertzeko.