Garai berrietara egokitu eta inoiz baino biziago dauden Euskal Herriko jaiak eta tradizioak aztertuko dituzte Irunen

Antxeta Irratia 2024ko mai. 30a, 11:16

Ostiralean Emakumeen Etxean “Euskadiko jaietako aldaketa sozial eta kulturalei buruzko elkarrizketak ikuspegi feministatik" hitzaldia emango dute Maggie Bullen antropologa feministak eta Mertxe Tranche ikerlariak. Herri askotan emakumeen parte hartzeko eraman diren prozesuak aztertuko dituzte, batzuetan gatazkatsuak, eta besteetan prozesu naturalak. 

Tradizioak aldaezinak direla diotenek estu heltzen diote dogma horri. Badira, aldiz, garai berrietara moldatu arren inoiz baino biziago dauden ohiturak Euskal Herrian. Gure eskualdean Kemen dantza taldeak eman du berriki Ezpata Dantza emakumezkoek egiteko urratsa. Baina tradizio handiko eskualdeko herriko jaietan, Lesakan sanferminetako Zubigainekoan eman zuten urratsa 2022an. Tolosan errito esanguratsuenetakoa den Sanjoanetako Bordon Dantzan, adibidez, 2013a arte gizonezkoek bakarrik dantzatu bazuten ere, urte hartan 6 emakumek hartu zuten parte. Eta prozesua naturala izan da Tolosaldean. Durangaldean ere, Dantzari Dantza da horren adierazle, edota Antzuolako Mairuaren Alardea.

Emakundek ‘Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak’ azterlana aurkeztu zuen 2021ean, jaietan berdintasuna eta emakumeen parte hartzea sustatzeko erabili diren estrategia ezberdinak ikertuz. Horretarako, bederatzi herritako festak aztertu zituzten: Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia, Antzuola eta Tolosa. Azterketa hartan parte hartu zuen Maggie Bullenek, Lidia Montesinos eta Begoña Pecharromanekin batera 2018an Hondarribiko Alardean egoera berriz gogortu eta gero.

Bidasoaldean gaia kroniko bihurtu da. Baina Irungo Udaleko Berdintasun arloak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkartearen arteko hitzarmenaren baitan, gaiari helduko diote maiatzaren 31 honetan. Jaien bilakaerak izango dituzte hizpide Istillaga plazako Emakumeen Etxean 18:00etan antolatu duten “Euskadiko jaietako aldaketa sozial eta kulturalei buruzko elkarrizketak ikuspegi feministatik" izenburupeko hitzaldian.

Hain justu, Maggie Bullen antropologa feministak parte hartuko du bertan, Mertxe Tranche ikertzaile eta BAEko kidearekin batera.