Joan den ostiralean 8 milioi euro inguruko kreditu aldaketa onartu zuen Irungo Udalbatzak 2024ko aurrekontuari gehitzeko. Joan den urteko likidaziotik eratorritako diru ekarpen berri hau abenduan onartutako aurrekontu oso batekin lotura zuzena duenez, EH Bildu abstenitu egin zen bozkan. Oihana Briones bozeramaleak argitu duenez, «zuzenketa hauek ez dute aurrekontuak duen arazoa konpontzen, ez du gure hiri ereduarekin bat egiten, eta abenduan iragarri genuen Irun auzoetatik eta herritarrekin batera eraikitzea ezinbestekoa dela».
Koalizio abertzaleak egindako proposamenen helburu nagusia auzoetan identifikatutako gabeziei konponbide bat bilatzea izan dela diote, Irungo auzoei begirako lanketa sakona egiten ari baita EH Bildu azken urteotan. Eta udal hauteskundeetan bertan gidalerro hori zeukatela iragarri zuten bezala, aurrekontuetan hau islatu beharra dago inbertsioetan haien ustez. Udaleko hainbat zerbitzu deszentralizatu eta auzoak indartzeko beharra dagoela pentsatzen baitu udal taldeak. Horren irudiko izan da kreditu aldaketa honetan eramandako negoziazioa ere. Udal Gobernuak egindako proposamenari 10 aldaketa proposatu baitzituen EH Bilduk, eta bi erretiratu zituen bitartean, beste 8 aldaketa adostea lortu dute, azkenean abstentzioa bozkatuta ere. Auzoei begirako proposamenak onartu ditu udal gobernuak, orotara, 8 milioi euroko kreditu aldaketatik 133.0000 euro besterik ez suposatzen badute ere.
Hala, Irungo haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetako patioak birmoldatu eta auzoetan integratzeko azterlana, Urdanibia auzoari eta Anaka auzoari zerbitzu emango dion Haur Txoko berri bat, Katea-Landetxa auzoko industrialdeko aparkalekuak bizilagunek erabiltzeko alternatibak, Olaberria bailaran baratza komunitario baten kokapena, auzo elkarteetatik liburuak erosi edota gailu informatikoak eta baliabideak eskaintzea… izan dira onartutako partiden artean.