Maialen Gaztañaga

«Klima aldaketa inoren agendan ez zegoenean Bioterrak argitu zuen bidea, eta erreferentzia da orain ere»

Koldo Nausia 2024ko eka. 4a, 13:20

Ama lurrarekiko ardura elikatzen bi hamarkada daraman Bioterra azokak 130 erakusketari eta 50 dibulgazio jarduera baino gehiago proposatuko ditu ekainaren 7tik 9ra. “Konpromiso ekologikoa” lelopean aurtengo edizioan ozeano eta itsas hondakinen arazoak, mugikortasun jasangarriak eta jantzigintza ekologikoak izango dute pisu gehien.

Dena prest dute Ficoban asteburu honetan Bioterra azoka ospatzeko. Azoka salmenta eta jarduera ludikoez gain, hamaika tailer, mahainguru, hitzaldi eta proiekzioekin gizartea kontzientziatzen jarraitu nahi dute antolatzaileek, eta kontsumo arduratsua sustatuz merkatua eta ekoizpenb sektorea berdetzen lagundu. «Dibulgazioa garrantzitsua da guretzat, gaur egun denok dakigu zer den sektore ekologikoa, baina duela 21 urte aintzindari izan zen Bioterra eta bidea markatu dugu. Pabiloi bakar batekin hasi ginen eta gaur egun hiru pabilioak eta kanpoaldea ere, Ficobako txoko guztiak hartzen ditu azokak», aldarrikatzen du Maialen Gaztañaga Bioterra azokaren arduradunak. Hala, herritarren artean kontsumo arduratsuak eta sektore ekologikoak izan duen onarpen eta interesaren, baita enpresa ekoizleen garapenaren lekuko izan da Bioterra bi hamarkadaotan.

Izan ere, aurten 130 erakusketari bilduko ditu azokak, horietatik %35 Euskadikoak, baina espainiar estatu osotik iritsitakoak dira gehienak. Bisitarien perfila ere balioan jartzen du Gaztañagak. «Bisitaria jakituna da, eta ezagutzen duenez ez zaio azalpen askorik eman behar saltzeko, eta interes handia du berritasun guztietan».

Era berean, Bioterraren lehen edizioetako ekoizle batzuk nazioarteko proiekzioa lortu dute dagoeneko, eta Bioterra txiki ere geratu zaiela aitortzen du. Baina orohar, erakusketariak oso fidelak direla baieztatzen du. Duela zenbait urte 10 urte Bioterran parte hartu dutenei sari edo aitortza bat egiten die Ficobak, eta dexente direla azpimarratzen du.

Antolatzaileen ustetan, Ficoba oso egokia da halako azoka batentzat. «Hiru pabiloi ditugunez, bisitariak ibilbidea egin dezan azoka sektorizatzeko aukera ematen digu», dio Gaztañagak. Aurtengoan ere, lehen pabiloian energia berriztagariak eta bioeraikuntza enpresen gunea izango da. Bigarrena ongizateari lotutako produktuak nagusi. «Aurten sektore honek izango du pisu gehien», iragarri du Bioterrako arduradunak, «kosmetika eta jantzigintza ekologikoa bezalako ekoizleek loraldi bat bizi dutela dirudi». Eta hirugarren pabilioia, aldiz, elikaduraren gunea da. Ekoizle mota desberdinak biltzen dira bertan urtero, baina hastapen-hastapenetik Ekolurra Kontseilua presente izan dela gogoan du. «Guretzat oso garrantzitsua da Ekolurra hor egotea, Bioterra aukera paregabea delako bertako produktuak erosteko ez ezik, ekoizleen lana zein garrantzitsua den ezagutzeko», dio Gaztañagak.   

Jarduera paraleloen garrantzia

Baina Bioterra produktu ekologikoak erosteko edo punta-puntako azken berrikuntzak ezagutzeko azoka bat baino gehiago da antolatzaileen arabera. «Klima aldaketa agenda eta eztabaida politikoan oraindik ere ez zegoenean, Ficoba aintzindari izan zen», dio Gaztañagak. Eta oraingoan ere, aurrerapauso bat emango dute klima aldaketa eta biodibertsitatearen zaintzari buruz sentsibilizatzen.

Zehazki, ozeanoen eta itsas hondakinen edota garraio jasangarriaren arloan bizikletaren erabileran sakontzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak jasoko baititu antolatutako 50 jarduera baino gehiagorekin.

Aurtengo azokaren leloa «Konpromiso ekologikoa» izango da. Eta Gaztañagak iragarri digunez, aurten ozeanoak izango dira protagonista, azokan eta paraleloki programatutako hitzorduetan. Horrela, aurten Bioterrak Ozeanoen Munduko Egunarekin bat egingo du, eta bertan egingo dira Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astearen (Basque Environment and Oceans Week - BEOW 2024) jardueretako batzuk. Gai hau jorratzeko hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dira, esate baterako, "Planetaren mugak ozeanoetan" mahaingurua Marta Pascual Klima Aldaketaren Euskal Zentroko doktorearekin, eta Maite Mompó, Stop Ecocidio kanpainaren zuzendariarekin.

Bestalde, ingurumenaren kontserbazioan fokua jarriaz, Espainiar estatuko kostaldeko plastikoen kutsaduraren lehen mapa egiteko belaontzian ibili den Nacho Dean-ek hitzaldia emango du Bioterran. Eta Surfrider Fundazioak herritarren ohiturak aldarazteko Donostian grabatutako hiru film laburren “Aldaketa olatuak” proiektua aurkeztuko dute.

Eskualdeko zenbait eragilek ere parte hartuko dute. Recicla-Birziklatu elkarteko ordezkariek ere postu bat izango dute azokan. Kosmetika ekologikoaren tailerrak eskaintzeaz gain, bertan Hendaiako San Bixente eskolako 3-11 urte bitarteko ikasleekin ikasturte honetan hilabetero egin duten Hendaiako Txingudiko Badiako hondartzaren garbiketa proiektua aurkeztuko dute. “Hilabete Bat, Bilketa Bat” ekimenarekin bildutako hondakinekin ikasleek egin dituzten sentsibilizatzeko helburua duten bost muralen erakusketa prestatu dute. Ez da Bioterran aurkeztuko den antzeko proiektu bakarra. Izan ere, ekainaren 8an, 17:30ean, Estatuko unibertsitateen G9 taldeak sustatutako “Itsaso bete zientzia” sariak banatuko zaizkie Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei.

Klima aldaketa eta itsasoen eta biodibertsitatearen kontserbazioa ez ezik, Bioterrak gehigorako emango duela azpimarratu du Gaztañagak. Arlo dibulgatibo eta ludikoan, ekonomia zirkularra, ekoantsietatea, PortaClima topaketa tailerrak, kosmetika naturaleko tailerrak, edota ekainaren 9ko ‘Yoga Eguna’ masterclass saioekin, besteak beste. Baita elikaduraren pabiloian antolatu ohi diren showcooking saioak ere. Gaztañagak argitu duenez, «Ficobara oinez, bizikletaz ala topoz hurbildu, eta egun osoko plana egiteko aukera ematen du». Eta gainera, zozketak egingo dituzte Ekolurra elikagai saskiak eta azokan bertan xahutzeko 100€ko erosketa bopnuak.

Aipatu bezala, Ficobak bere azoketan karbono arrastoa Zero izateko helburua duen heinean, bisitariei Bioterrara Euskotreneko topoan, oinez ala bizikletaz joateko eskatu die. Baina txirrindarik ez duenak bertan bat eskuratu ahalko du ere. Aurten hiri-mugikortasun jasangarria bultzatu nahian Recyclarte eta Balazta elkarteekin harremanetan jarri baitira. Eta Txingudiko Zerbitzuak antolatutako bigarren eskuko bizikleten Merka2dasoa azoka asteburu osoan martxan egongo den bitartean (www.txinzer.eus), Balaztak antolatutako Dani Cabezas kazetari eta musikari madrildarraren hitzaldia izango da ere Bioterran aurten. Ciclosfera hiri- bizikletari buruzko aldizkariaren erredaktore buru eta “La revolución silenciosa: la bicicleta como motor de cambio en el siglo XXI” liburuaren idazlea da.

Gogoratu sarrerak dohainik dela, eta Maialen Gaztañagak aipatu dizkigun hitzorduez gain, egitaraua osoa hemen eskura daukazute.