Isuri Gutxiko Eremua sortzeko partaidetza prozesua martxan jarri du Irungo Udalak

Antxeta Irratia 2024ko eka. 5a, 14:53

Atzo Jasangarritasun Batzordeko bileran udal ordenantza egiteko kanpaina eta metodologia aurkeztu dituzte, eta herritarrak informatzeko Irun Taupaka kanpaina egiteaz gain, diagnostikoa osatzeko kaleko inkestak egingo dituzte ekainaren 10etik 26ra, eta irundarrek online ere ekarpenak egiteko aukera izango dute www.irun.eus atarian. 

Cristina Laborda alkateak aitortu du, Isuri Gutxiko Eremua sortzeko proiektua oso konplexua dela, eta horregatik, Udalak irundarrak informatu eta herritarren ekarpenak behar bezala jasotzeko partaidetza prozesu bat martxan jarriko dute. «Hiri proiektu honek datorren hamarkadan irundarren bizimodua aldatuko du, eta gizartearen ahalik eta adostasnik handiena lortzea ezinbestekoa da», azpimarratu du Labordak. 

Helburu horrekin “Irun Taupaka” lelopeko kanpaina martxan jarriko du Irungo Udalak, herritarrek programa ezagutzen joan daitezen. Alkateak adierazi duenez, «batzuetan, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du, eta, horregatik, isuri gutxiko eremu berriaren irudia espazio atsegin bat bihurtu dugu, hiriguneko arteria nagusiak bihotz baten barruan elkartuta». Izan ere, Europako zuzentarauek markatuta, eta Espainiako Klima Aldaketari Aurre Egiteko plangintzak behartuta 2023rako indarrean beharko luketen neurriei esker, hiriak osasuntsu “taupa egingo” duela sinbolizatu nahi du kanpainak. Zentzu honetan, alkateak azpimarratu du Isuri Gutxiko Eremuaren sorrera ez dugula betebehartzat hartu behar, irundarren bizi kalitatea hobetzeko aukera paregabetzat jo baizik.

Irungo Udalak hainbat neurri hartu ditu 2011az geroztik hiri garraio jasangarriaren irizpideetara egokitzen joateko. 30 Eremua eta IrunBus linea guztien elektrifikazioaz gain, hirigintzan eragina izan duten San Juan-Etxeandia eta inguruko kaleen berrantolaketa ere, oinezkoei lehentasuna emanez. Halere, Isuri Apaleko Eremu berriak aldaketa sakonagoak ekarri ditu. Eta azken bi urteotan landutako Hiri Mugikortasun Jansagarriaren Planaren diagnostikoaren lehen fasea plazaratu ondotik, eta eragileen 16 zuzenketa behin jasota, irundarren iritzia entzun nahi du Udalak hurrengo faseetara pasa baino lehen.

Ondoren, eremu horren diseinua osatu beharko dute, perimetroa zehaztu eta helburuak lortzeko neurriak landuz. Hirugarren fasea, aldiz, proiektuari buruzko dokumentuaren eta udal ordenantzaren idazketea izango da. Era berean, aipatutako helburuak lortzeko neurriak prestatzeko neurriak zehaztuko dira, indarreko araudiarekin bat etorriz, eta azterketa juridiko bat eta oroitidazki ekonomiko bat egingo dira.

Horiek hala, partaidetza prozesua martxan jarri berri dutela. Aipatutako Isuri Gutxiko Eremua arautzen duen udal ordenantza osatu aurreko kontsulta publikoa irun.eus Udalaren atarian kontsulta daiteke. Bestalde, ekainaren 10etik 26ra honi buruzko kaleko inkestak egingo dituzte, eta internet bidez ere ekarpenak egin ahal izango dira. Era berean, interesa adierazi dezaketen herritar, eragile eta kolektiboentzat bilera irekiak antolatuko dituzte uztailean.