Sanmartzialak eremu segurua izateko neurri ugari hartu dituzte elkarlanetik

Koldo Nausia 2024ko eka. 6a, 15:22

Kolektibo feministetako bolondresek proposatuta, festa ondokoan etxera bakarrik ez joateko zerbitzua emango dute aurten aurreneko aldiz, Puntu Morean akonpainamendua eskatzen duenarentzat. Telefono Morea (607 07 02 02) ekainaren 14-15eko asteburuan, eta hilaren 22tik uztailaren 1era aktibatuko dute, eta indarkeria matxistak, alkohola eta droga kontsumoak prebenitzeko ekimen andana adostu dituzte jaietako dispositiboan.  

San Pedro eta San Martzial jaietarako programazio zabala behin aurkeztuta, dena prest dago irundarrek ospatzeko. Eta jaiak eremu segurua izatea bermatzeko, 2018az geroztik Udalak elkarte feministekin antolatzen duen indarkeria matxista eta lakoholaren eta sustantzien kontsumoa prebenitzeko dispositiboak aurkeztu berri dituzte. Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetako departamenduek koordinatuta, aurtengo protokoloa Berdintasun Lege berrira egokitutakoa dela azpimarratu dute udal ordezkariek. Koldo Zabala, Berdintasun teknikariak azaldu duenez, «indarkeria matxistak aintzat hartzen ditugu, pluralean, izan ere, heteropatriarkatuaren inposaketatik ateratzen den orok jasan dezake indarkeria».

Hortaz, aurten LGTBIQ+ kolektiboa ere barneratu dute dispositiboan, eta Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde, Argoiak, Uxoa, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Txingudiko Elkarte Feminista eta M8 Asanbladari, Lumak Haize elkartea ere batu zaie dispositiboaren lanketara. Baita Irungo Emakumeen Etxea Elkartea ere.

Nuria Alzaga, Berdintasun eta Gizarte Ongizate arloko zinegotziak balioan jarri nahi izan du eragileen arteko hilabeotako lankidetza. «Emakumeen Etxea topagune bilakatu da, eta proposamenak egitea eta ikuspegi desberdinen artean adostea ahalbidetu du», azpimarratu du udal ordezkariak. Azken batean, aipatutako dispositiboa denek partekatzen duten helburua lortzeko tresna da: «Festak gauza asko izan daitezke, baina bereziki eremu seguruak behar dute. Biolentzia orotik libre, errespetua eta elkarbizitza nagusi», aldarrikatu du Alzagak.

4 ardatz nagusi eta berrikuntza bat

Horrela, kanpaina ekainaren 14an aktibatu dute, Izaroren kontzertuaren egunean. Eta uztailaren 1era arte 4 ardatzetan oinarrituko da. Batetik, prebentzioa eta kontzientziatzioa bultzatzeko kanpaina komunikatiboa. Erdigunean eta San Migel auzunean indarkeria matxista prebenitzeko protokoloaren dokumentua, pegatinak eta biniloak banatuko dira, baita ostatuetan erabiltzeko serbiletak ere. Aipatutako pegatinak telefono mugikorretan itsatsi eta Telefono Morea eskura edukitzeko helburua du. Iragarri dutenez, DBH eta Lanbide Heziketako Irungo hezkuntza zentro guztietan banatuko dituzte halakoa.

Bigarren ardatza protokolo antisexistaren Dokumentu Morea izango da. Denen eskura jarriko dute Irungo ostatuetako atarietan A3 formatoan. Hirugarrena, aldiz, aipatutako Telefono Morea da. Eraso sexista baten biktima sentitu daitekeen orok 607 07 02 02 zenbakira deituz ala whatsappez harremanetan sartuz gero, Isabel Forniele psikologak zuzendutako laguntza jasoko du. Koldo Zabalak argitu duenez, «bertan profesionalek erantzungo dute, eta kasuaren larritasunaren arabera beste dispositiboetara joateko laguntza emango dute». Zerbitzu hau ekainaren 14an 17:00etatik ekainaren 16ko 17:00etara jarriko dute martxan. Eta ondoren, ekainaren 22tik uztailaren 1era.

Azkenik, azken urteetan Udalak antolatu dituen Puntu Moreak izango dira. Indarkeria matxistei buruzko informazioa banatu eta aholkuak emateaz gain, Berdintasun arloko profesionalak topatuko dituzte bertan herritarrek jaigune eta festa egun garrantzitsuenetan. Hala, Urdanibia plazan ekainaren 14an, 22an, 23an, 28an eta 30ean jarriko dute. San Juan plazan ekainaren 15ean 22:00etatik 01:00era. San Martzial kalean ekainaren 21ean 22:00-01:00, Istillaga plazako Gaztegunean ekainaren 27an 21:00etatik aurrera. Baita jaietan jende kopuru handienetakoa biltzen duen Koadrila Eguneko herri bazkarian ere, Ficoban, ekainaren 22an 17:00etatik 20:00etara ere.

Dena dela, Puntu Morearen eskutik dator aurtengo berritasunik handiena. Txingudiko Elkarte Feministaren ekimenez, aurten akonpainamendu zerbitzua antolatuko baitute. Elkarteko Norak esplikatu digunez, «gazteek betidanik egin duten zerbait, modu koordinatuan eta Udalaren babespean eskaintzea besterik ez da». Halere, abantail handia ekar diezaieke gazte askori, eta lasaitasuna haien gurasoei ere. Puntu Moreak egongo diren egun guztietan, etxera bakarrik bueltatzea sahiestuko duen akonpainamendu zerbitzua emango dute horretarako prest azaldu diren bolondresen eskutik. «Orain arte beti beste lagun batzuekin, mutil-lagunarekin edo lehengusu batekin egin izan dugu askotan, etxerako bidean bakarrik joatea beldur perzepzioa handia izan daitekeelako, baina honi esker, taldeak antolatu eta norbere etxera bakarrik ez joatea bermatu nahi da», azaldu digu ekimenaren sustatzaileak.

Hortaz, jaietan Puntu More batetara hurbildu eta zein ordutan eta nora joan nahi duzun besterik ez da komunikatu behar, eta horren arabera, bolondresek koordinatutako alternatiba seguruak emango dituzte etxeraino ala hurbilen dagoen garraio publikora akonpainaturik joateko. Izan ere, gaueko Irunbuseko GauTxori autobus zerbitzuetan geltokia «a demanda».  eskaintzen du Udalak, etxetik ahal bezain hurbil gelditzeko.   

Alkohola eta drogen prebentzioa

Bestalde, Interbentzio Komunitarioko Zerbitzutik beste sei ekimen aurrera eramango ditu sanmartzialetan gazte zein helduei zuzendutako kontsumoen prebentzioari begira. Alkoholaren kasuan, ostalari zein saltzaileei aparteko formakuntza eskainiko diete ekainaren 13an eta 20ean Palmera Montero gunean, establezimenduek osasun-agente gisa daukaten ardura oroitarazteko. Era berean, prebentzio kanpaina egingo dute ostatuetan adingabeei alkohola saltzea debekatua dagoela gogoratzeko. Eta kartelen bidezko kanpaina ere egingo du Udalak.

Bestalde, gazteei begira, alkohola kontsumitzeak dakartzan arriskuei buruz sentsibilizatzeko Botiltzarra programa egingo du Ailaket elkarteak ekainaren 30ean Urdanibia plazako Diskofestaren denboran, 21:00etik 01:00era. Eta Koadrilen Eguneko herri bazkarian ere, ekainaren 22an, erabilera bakarreko alkoholimetroak banatuko dituzte Ficoban eta Urdanibia plazan, norbere alkohol-tasa neurtu dezan. Baita ekainaren 23an ere.

Azkenik, Ailaket elkartearen eskutik ere, aspaldiko urteetan drogak kontsumitzen dituzten pertsonei begirako sustantzien testinga egiteko postua jarriko dute ekainaren 24an, gauerditik goizeko 3:00ak arte Urdanibia plazan.

Xehetasun guztiak bildu ditugu ondoko elkarrizketan entzungai, Koldo Zabala Berdintasun teknikariarekin, eta akonpainamendu zerbitzuaren sustatzaile den Txingudiko Elkarte Feministako Noraren eskutik.