Atzerritik iritsitako ikasleen kopurua emendatu ahala, haien hizkuntza ohiturak eta bertako ikasle euskaldunen kasuan ere, euskara baztertzera daramatzaten dinamikak aztergai jarri dituzte Txingudi BHI ikastetxean. Eskolaren eguneroko errealitate soziolingustikoak behartuta, klaustroaren kezka nabarmen batetik abiatu dira, eta “Euskara eta Kulturartekotasuna Irungo ikastetxeetan” izeneko kafe tertulia antolatu dute adituen eskutik. Irungo ikastetxe guztiak gonbidaturik, baita udal ordezkariak ere, agintari, irakasle, guraso zein ikasleen gogoeta piztu eta inplikatu nahi izan dituzte «egoera konplexu» honetan . Izan ere, euskararen erabilera eta gaitasun apala hobetzeko, hezkuntza zentroetatik ez ezik, erpin askoko neurriak beharrezkoak dituen estrategia zabalago bat beharrezkoa dela ondorioztatu dute.
Txingudi Ikastolako DBHko areto nagusian antolatutako topaketan, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikasle migratzaileen integrazioan zein kultura arteko hezkuntzan aditua Amelia Barquinek egindako galdera erretoriko batek laburbildu dezake sinpleki egoera: «Zein da hemen lagunak egiteko balio duen hizkuntza?». Aitzol Olaiz Txingudi Ikastolako irakasleak argi du «kanpotik iritsitako ikasleek berehala igartzen dutela zein den eskolarako hizkuntza eta zein harremanetarako». Tamalez, DBHra jauzia egiterakoan, lehenago ez bada, gazteek idatzi gabe dagoen helduentzako hizkuntza erdara dela dion arau batetara lerratzen dira maiz. «Kontua ez da hainbeste, atzerritik iritsi berriak direnak euskaraz ez dakitela, bertakoek euskaraz egiten ez dutela baizik», dio Aiako Gaztelumendi Txingudiko irakasleak.
Zentzu honetan, ezin estali daiteke Irungo ikasleen %11k baizik ez duela euskara etxeko ama hizkuntza. Aldiz, denek ikasten dute D ereduan. Eta euskara ezinbestekoa duten heinean, ikastetxearen arabera ikasleen %15-20 inguru atzerriko jatorria duela kontuan hartzen bada, harremanetan «hizkuntza hegemonikora» jotzen duten bezala, baita eskolan ere. «Etorri berriek aitortzen digute askotan, ez dutela behar berezirik sentitzen haien parekoekin eskolan euskaraz egiteko», azpimarratzen du Gaztelumendik.
Irakasleen dilema
Horrek eragin zuzena du ikasle horien garapen pedagogikoan eta emaitza akademikoetan. Eta beraz, haien etorkizunean ere. «Kontuan hartu beharra dago, badirela ikasleak 3.DBH edo 4.DBHra euskaraz jakin gabe eta ikasturtea martxan dagoela heltzen direnak, eta dilema handi baten aurrean aurkitzen gara irakasleok», argitzen dute.
Dilema horiek argitzeko xedez antolatu dute aipatutako kafe tertulia. Baina adituak entzun, mahainguruetan bildu eta hausnartu… ez zuten antolatzaileek nahi beste sakondu ahal izan. «Gustatuko litzaiguke beste behin elkartu eta lanketa sakonagoa egitea», dio Olaizek, «hasi dugu prozesu bat, eta horrek eramango gaitu neurriak hartzera». Momentuz, galdera gehiago dituzte erantzunak baino. Baina Txingudi BHIko klaustro mailan eta mintegika lanean jarraitzea aurreikusia dutela argitu dute. Izan ere, «ezin dugu hausnarketen zain egon, egunerokoan, eta egunerokoan da gaur, erabakiak hartu behar ditugu. Ikasle horiekin zer egin erabaki behar dugu, zer komeni zaion ikasle horri, ikaslea erdigunean jarri. Eta dilemak sortzen zaizkigu: euskararen tratamendua, ikaslearen kurriloa, egoera emozionala… hain da konplexua…», diote.
Horretarako irakasleak aski formatuak ote dauden ere zalantzan jartzen dute. Eta Eusko Jaurlaritzak Eusle bezalako programei esker, ikasle hauek euskara ikas dezaten errefortzuko baliabideak eskaintzen baditu ere, egungo egoerak frogatu du ez dela aski. «Ikastetxean baliabide gehiago beharko lirateke, baina ikastetxetik bakarrik zuzendu daitekeen egoera dela pentsatzen badugu oso oker gabiltza, erpin asko dituen errealitate konplexua da, olatua erraldoia da», azpimarratzen dute irakasleek.
Egoera zuzentzeko bide-orria
Neurri magikorik ez dago, eta topaketak ez ditu argitu. Baina pista batzuk badituztela aitortu digute. «Argi dago ingurune ez segregatuak behar ditugula, irakasleak formatuak behar ditugula, ordu, baliabide eta Eusle bezalako programa berezi gehiago, eta gero gako handienetakoa eskolaz kanpoko aisialdia da», nabarmentzen du Olaizek.
Ikasleek beraiek eta, hauek txikiak direnetik haien gurasoek ere, ongi dakite hori Irungo klub, elkarte eta eragileen aisialdi eskaintzan hizkuntza hegemonikoak duen pisua ikusita. Euskararen presentzia urriarekin kezkaturik dauden ikasle eta ikasle ohiek ere argi utzi zuten topaketan hori. Haietako bat Antxeta Irratira hurbildu zaigun Amaiur Miguel da. Txingudi Ikastolako ikasle ohi honek ohartarazi duenez, «eskolaz kanpo euskaraz aritzeko gunerik ez dago Irunen, edo oso gutxi. Ez bada Kemen dantza taldean edo bertsolaritzan aritzen zarela, elkarte eta klub gehienetan ez dute euskara bermatzen, eta ikasle askorentzat euskara ikastetxe barruan aprobatzeko beharrezkoa duten tresna akademiko hutsa bilakatu da».
Horiek hala, ikastetxea, familia, lagunak, kalea, aisialdia, kirola… ez dira konpartimentu estankoak, eta ikasle gazteen errealitate soziolinguistikoaren eraikuntza horretan, modu kontzientean lotu behar direla ohartarazi dute. Eta horretarako, Irungo Udalaren konpromiso irmoa beharrezkoa dela dio Aitzol Olaizek. Gogoan baitu, atzerritik iritsitako ikasle horien egoera pertsonala berezia edo zaurgarria dela askotan. «Egoera sozioekonomikoaren ondorioz aisialdi diferentziatu bat dute, ikasle horietariko askok ezin dituzte dantza, musika, partikular eta bestelakoak ordaindu, eta daude kalean, edo are eta okerrago, etxean eta pantaila bateri begira. Eta hor pentsatuko duzute euskararen presentzia zenbatekoa den!», gaineratzen du. Ikasleen aisialdian euskarak dituen gabeziak, eskolan agerian geratzen dira.
Hortaz, horretan ere justizia soziala bilatu behar da. Azken batean, ikastetxetik kanpora eta kaletik ikastetxera, «abiadura desberdinetako ikasleak» sortzen ari direlako arduratuak daude irakasle gehienak. Eta ikasleen euskara gaitasun mailak emaitza akademikoetan inpaktu zuzena du.
Hala ere, ikasleen artean exsistitzen diren aldeak ez ditu euskarak soilik berdinduko. Euskara integraziorako tresna izan daiteke, baina irakasle hauen ustetan «asimilazioa da gehiago orain arte bultzatu den estrategia». Zentzu honetan, ikasleen kolektiboa kulturanitza den heinean, geroz eta gehiago, norbere kultura eta identitatea gorde eta balioan jartzea ere garrantzitsua dela deritzo Olaizek. Euskarak ez du hori zalantzan jarri behar bere ustetan.
Nolanahi ere, aurreneko aldiz errealitate soziolinguistiko berriaren erronkari aurre egiteko aurrerapausoa eman dute ausardiaz topaketa hau antolatzearekin. Sistemak dituen gabeziak eta norbereak aitortuz, autokritika ariketa sakon bat eginez. Izan ere, abiapuntua bada ere, Txingudi BHI ikastetxeko irakasleek argi dute, «olatua handiegia da norbere aldetik aritzeko».