Hipika edo zaldiketa gutxi batzuentzako kirola dela uste okerra dago. Egia da ez dela normalean praktikatzen den kirola edo masibo horietarikoa, eta ez ohikotzat jotzen da. Baina Itziar Urtizbereak, Jaitzubia Zaldiketa Eskolako presidentek aitortu digunez, «pandemiaren ondorioz gero eta jende gehiagok aire librean jarduerak egiteko aukerak bilatu ditu». Horren ondorioz, eta klubetik ekin duten hipika hedatzeko estrategia berriari esker, zaldiketak loraldi txiki bat bizi du Bidasoaldean. Izan ere, eskola kirola jarduera gisa eskaintzen hasi dira aurten zenbait eskoletan. Baita txikienei probatzeko aukera eman ere. Horrela, irailan 100 bat haur eta gazte ziren zalditeka eskolan, eta ikasturte bukaera honetan 140tik gora dira zaldun eta amazonak dagoeneko. «Ahoz ahokoak ere asko egiten du», dio Urtizbereak. Aipatu digunez, jauzi eta doma modalitateak lantzen dituzte, eta eskolartekoen hiru txapelketa antolatu dituzte ikasturtean zehar, hiruhilero. Era berean, udako kanpusa ere antolatu dute udaleku ireki bezala.
Bestalde, Jaitzubia klubak duela gutxi Alagan Koparen hirugarren fasea antolatu badu, Gipuzkoako zaldunak erakarriko dituen Irun Hiria Nagore Otaño Memoriala Jauzien Lehiaketa Hipikoa antolatu du sanmartzialetarako. Ekainaren 15ean eta 16ean jokatuko da bere instalazioetan. Eta azpimarratu dutenez, antolakuntza eta logistika handia behar da. Izan ere, parte hartzaile bakoitzak bere zaldi eta gurdiekin dator. Eta batzuk hoteletan lo egiten badute ere, beste askok euren karabanak ekartzen dituzte.