Irunbuseko gidariek jasandako erasoen aurrean "Hurrengo geltokia: errespetua" kanpaina antolatu du Udalak

Antxeta Irratia 2024ko eka. 11a, 13:27

Irungo autobus gidariek bizi-bizi mantentzen duten lan gatazkaren hiru eskaeretako bat izan da haien segurtasuna bermatuko duten neurriak ezartzea eta protokolo zehatz bat osatzea. Horri erantzun nahian, Irungo Udalak eta zerbitzuaren azpikontrata AUIF enpresak herritarrak gizalegez joka dezaten kontzientziatzeko kanpaina antolatu du San Pedro eta San Martzial jaien atarian gauden honetan. 

Irungo Udalak eta Irunbus zerbitzua azpikontratatua duen Auif enpresak garraio publikoan bizikidetza hobetzeko sentsibilizazio kanpaina antolatu dute. Hiri-autobus zerbitzuetan azken hilabeteotan gidariek salatu dituzten eraso eta errespetu falta kasuen aurrean, Borja Olazabal, Irungo Udaleko Mugikortasuneko ordezkariak bidaiariak kontzientziatzeko "Hurrengo geltokia: errespetua" lelopeko kanpaina aurkeztu du. Auif enpresako gidariek azken asteotan aurrera daramaten lan baldintzak hobetzeko borroka sindikalaren aldarrikapenetako bat gidarien segurtasuna hobetzeko protokoloak eta neurri zehatzak izan dira. ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariek gidarien eremua isolatzeko edo blindatzeko aukera ere mahaigainean ezarri dute. 

Irungo Udala eta Auif enpresaren erantzuna, aldiz, herritarren sentsibilizazio kanpaina izan da. Olazabalek argitu duenez, «langileen eskarietako bati erantzuten dio, eta helburua da zerbitzuaren erabiltzaileak sentsibilizatzea, errespeturik gabeko jokabideak eta gizalegerik gabeko erasoak prebenitzea eta bizikidetza hobetzea hiri-autobusen barruan». Izan ere, azken asteotan gidariek jaso dituzten erasoen aurrean kezka adierazi du udal agintariak. Eta San Pedro eta San Martzial jaien atarian gauden honetan, Irungo Udalak eta Irunbus Auifek indarrak batu dituztela azpimarratu du. Kanpaina honen baitan, datozen egunetan, berrogeita hamar bat binilo inguru jarriko dira hiri barruko autobusen barruan.