Ztandap binakako bakarrizketa ortzegunean Irungo Oiasso Museoan

Paola Oskoz 2024ko eka. 12a, 08:54

Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik sortutako hirugarren binakako bakarrizketa da Ztandap. Emakumea dute berriz ere hizpide, baita eguneroko gaiak ere, umorez eta betaurreko morez jantzita. 

Irungo Oiasso Museoan aurkeztuko dute, ortzegun honetan (ekainaren 13an) 19:00etan, Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik euren azken lana, "Ztandap". "Bakean dagoena bakean utzi" eta "Luze edo motz" bakarrizketen ondotik, hirugarren binakako bakarrizketa sortu berri dute. Aurrekoetan bezala, emakumea izanen dute hemen ere hizpide, umorez eta betaurreko morez jantzita. 

Azken lan honen izenburuak keinua egiten dio orain dela zazpi urte bi umoregileek hasitako ibilbideari. "Stand up" izeneko modalitatea egiten dute eta hortik dator bakarrizketaren izena. Hala ere, ez dio erreferentzia egiten soilik horri, baizik eta beraien lanarekin jendearengan sorrarazi nahi duten bertze bi efektuei ere: landutako gaiek eztanda egitea jendearen artean eta publikoa bera barrez lehertzea. 

Dagoeneko lortzen ari dira efektu guzti horiek, Ztandap jendaurrean aurkezten hasi zirenetik harrera ona izan baitu, Torregaraik azaldu duenez. Irunen ere gauza bera lortu nahi dute ortzegun honetan Oiasso Museoan eginen duten emanaldiarekin. 19:00etan hasiko da eta sarrera urririk izanen da.