Irunbuseko grebaren ondorioz, jaietan %30eko zerbitzu minimoak besterik ez

Antxeta Irratia 2024ko eka. 14a, 10:12

Lurraldebuseko gaueko zerbitzuak indartu egin dituzten bitartean, asteburu honetan %30eko zerbitzu minimoak besterik ez ditu Irunbusek segurtatuko Irunen, Udalarekin eta AUIF enpresarekin lan gatazka blokeatuta dagoela salatu duten 27 gidariek deitu duten grebaren ondorioz. Udalak bere partetik, asteburu honetarako ez ezik, ekainaren 21etik uztailaren 1era bitarteko greba deialdirako ere ordutegi eta maiztasunen taulak argitaratu ditu. 

ELA eta UGT sindikatuek iragarri bezala, IRUNBUSeko 27 gidariek greba egingo dute asteburu honetan. Irungo sanmartzialetan ekainaren 21etik uztailaren 1era iragarri duten grebaldiaren atarikoa besterik ez da honakoa. Hain justu, Udalari eta AUIF enpresari lan gatazkaren negoziaketan presio emateko neurria gisa. Hartara, maiatzan egindako lau greba egunetan bezala, asteburu honetarako zerbitzu minimoak agindu ditu Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Eta Irungo Udaleko Mugikortasuna arlotik argitu dutenez, gutxieneko zerbitzua %30ekoa izango da.

Ekainak 14 eta 21erako, eta hilaren 24tik 28rako zerbitzu minimoak hauek izango dira. 

Gaur ekainak 14an, L1 Zaisa-Ospitalea linean, goizeko 6:00etatik 9:00ak arte ordu erdiro Ospitaletik abiatuta, eta ondoren 9:45etik 21:00ak arte hiru ordu laurdenero bermatuko dute zerbitzua. Zaisatik abiatuta, aldiz, 6:30etik ordu erdiro 9ak arte, eta 9:45etik 21:00ak arte ordu laurdenero ere.  

San Juan-Landetxa-Txingudi ibilbidea egiten duen L2 linean, aldiz, San Juanetik 7:00tan abiatu da lehendabizikoa eta orduro zerbitzu bakarra izango da gaueko 22:00ak arte. L3 linean, San Juan-Artia goizeko 8:30ean, 10:00etan, 11:30tan, 13:00ean, 16:00tan, 17:30ean eta 20:30ean, eta gaueko 22:00etan egongo da martxan. Eta L4 linearen kasuan, ordu eta erdiro zerbitzu bakarra segurtatuko dute, San Juan-Anzaran-Olaberria lotzeko, goizeko 7:45ean hasi eta azkena 21:15ean.                                                                         

Ekainaren 15etik 29rako hiru larunbatetan hauek izango dira %30eko zerbitzu minimoak.

Jaiak direla eta, GAUTXORI zerbitzuak duen garrantzia ikusirik, bina zerbitzu bermatuko dituzte Landetxa eta Behobiara. Gipuzkoa etorbidetik partitu eta Colon pasealekuko norabidea hartuta, 00:30ean eta goizeko 1:30an Landetxara, eta Behobiara goizeko 01:00ean eta 02:00etan. Larunbata eta igandeko GAUTXORI zerbitzuetan ordutegi berbera mantenduko dute, eta gainerako zerbitzuetan ere, %30a besterik ez da bermatuko. Beherago dituzue autobus zerbitzuen maiztasun eta ordutegien taulak egunez-egun. 

Gogoratu, bestalde, Irungo Udalak eta Irunbus hiri-garraioaren azpikontrata kudeatzen duen AUIF enpresak gidarien aldarrikapenak asetu ezean, ekainaren 21etik uztailaren 1era ere greba egingo dutela.

Foru Aldundiaren aparteko zerbitzuak

Dena dela, eta greba deialdia indarrean den bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak LURRALDEBUS zerbitzuak indartzea erabaki du asteburu honetan. Bereziki gauekoak E77 (Hondarribia-Donostia) eta E78 (Hondarribia-Irun) lineatan. Bereziki, gaur eta bihar Izaro eta Camelaren kontzertuekin espero den jende kopurua dela kontuan hartuta. 

Gidarien 14 greba egunetarako zerbitzu minimoen aurreikuspenak  igande eta jai egunetan.

Horiek hala, E77 linean ostirala eta larunbatarekin 23:00etan, 00:00etan eta 01:00etan abiatuko da Hondarribiatik, eta zerbitzu berezia egongo da 2:00etan. Donostiatik, ordea, ohiko zerbitzuak egongo dira gaueko 23:50ean hasita orduro, 2.50ean azkena. Larunbatean, aldiz, goizeko 06:00ak arte luzatuko dute zerbitzua orduro. Eta E78 linean, ostiral gaueko 23:15ean hasi, eta ordu erdiro 2:15ak arte Hondarribitik abiatuko bada, Irundik 23:30etik goizeko 2:30ak arte. Eta larunbatean, E78 linean ere gau osoan zehar ordu erdiro emango dute goizeko 6:00ak arte. Hondarribitik orduro eta laurden zein laurden gutxietan abiatuta, eta Irundik erdi eta puntutan.