Euskal Herriko megalitoen sekretuak argitzen dituen aparteko erakusketa jasotzen du Oiassok

Koldo Nausia 2024ko eka. 14a, 11:04

Aztarnategi desberdinetako 150 pieza original baino gehiago biltzen dituen "Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak" izeneko erakusketa berriak, Euskal Herriko mendietan topa ditzakegun monumentu megalitikoak Neolitikotik eta Brontze Arora arte eraiki zituzten gizarteak nolakoak ziren ulertzeko aukera emango du azaroaren 24ra arte.

Gaur 19:00etan Jose Antonio Mujika Alustiza doktorearen eskutik antolatutako bisita gidatu batekin egingo dute erakusketaren estreinekoa. Erakusketa Bilboko Arkeologi Museoak sortu du, eta otsaila arte Bilbon izan da ikusgai. Orain Europako Arkeologia Jardunaldien barruan "Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak" izeneko erakusketa Irunen egingo du uda eta udazkena.

Juanjo Jimenez, Oiasso Museoko zuzendariak azaldu digunez, erakusketa honek Euskal Herriko megalitismoaren fenomenoaren alderdi nagusiak aztertzen ditu. Pano informatibo eta bideoekin ahalik eta pedagogikoen izateko helburua du, eta orotara Euskal Herriko 120 aztarnategi baino gehiagoko pieza arkeologikoak biltzen ditu. Zehazki, Bizkaia, Araba eta Nafarroako 150 pieza original baino gehiago biltzen dituen aparteko erakusketa dela azpimarratu dute erakusketa komisariatu duten Javier Fernández Eraso EHUko Historiaurreko katedradunak, José Antonio Mujika Alustiza doktoreak eta Juan Carlos López Quintana arkeologo eta AGIRI arkeologia elkarteko presidenteak. Argitu dutenez, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Gordailua, BIBAT eta Barandiaran Fundazioa Irungo Udalarekin eta Oiasso Museoaren arteko elkarlanak egin du posible.

Monumentu megalitikoak, trikuharriak, menhirrak, harrespilak eta tumuluak, oraindik sekretu asko ezkutatzen dituzten gune sakratuak izan zirela oroitarazi digu Juanjo Jimenezek. Megalitoen helburuei buruzko eztabaida dago adituen artean oraindik ere,  trikuharrien kasuan, garbi dago hileta-monumentuak zirela eta hildakoak lurperatzeko baliatzen zirela, dio Jimenezek. Beste kasu batzuetan, ordea, ez dago batere garbi haien funtzioa, zutarri eta harrespilen (cromlechak) kasuan esaterako, funtzio astronomikoak, erlijiosoak edo lurren mugarri gisa, geografikoak adierazi izan dira hipotesien artean. Megalitismoak Euskal Herriaren historian kondaira askoren iturburu direnez, hau ere kontuan hartzen du erakusketak.