Irungo Udaleko Interbentzio Komunitarioko Zerbitzutik sei ekimen aurrera eramango dituzte sanmartzialetan gazte zein helduei zuzendutako kontsumoen prebentzioari begira. Alkoholaren kasuan, ostalari zein saltzaileei aparteko formakuntza proposatu diete ekainaren 13an eta 20ean Palmera Montero gunean. Bertan establezimenduek osasun-agente gisa daukaten ardura oroitaraztea eta araudia zertan den argitzea du helburu. Era berean, prebentzio kanpaina egingo dute ostatuetan adingabeei alkohola saltzea debekatua dagoela gogoratzeko. Eta ohiko kartelen bidezko kanpaina ere egingo du Udalak.
Gazteei espreski begira, alkohola kontsumitzeak dakartzan arriskuei buruz sentsibilizatzeko Botiltzarra programa egingo du Ailaket elkarteak ekainaren 30ean Urdanibia plazako Diskofestaren denboran, 21:00etik 01:00era. Baita Koadrilen Eguneko herri bazkarian ere, ekainaren 22an (eta ekainaren 23an). Bertan erabilera bakarreko alkoholimetroak banatuko zaizkie gazteei Ficoban eta Urdanibia plazan, norbere alkohol-tasa neurtu dezan. Ailaket elkarteko kideek azaldu digutenez, «kaleko eskuhartze lana egiten da gazteengana hurbilduz, eta alkohola mota desberdinen eraginetaz informazioa banatzeaz gain, ondo jatea eta hidratazioaren garrantzia gogoratuz».
Droga testing postua
Bestalde, Ailaket elkartearen eskutik ere, urtero bezala, drogak kontsumitzen dituzten pertsonei begirako sustantzien testinga egiteko postua jarriko dute ekainaren 24an, gauerditik goizeko 3:00ak arte Urdanibia plazan. Elkarteko kideek diotenez, «ez ikusiarena egin daiteke, ala onartu drogak betidanik kontsumitu direla, eta hala izaten jarraituko duela. Garrantzitsuena da ondo informatua egotea, eta kontsumituko den sustantzia adulteratua ez egotea».
Hori da testing hauen helburu nagusia. Edozer sustantzia kontsumitu aurretik, bere kalitatea bertan egiaztatu ahal izatea. Bide batez, Ailaket elkarteko kale hezitzaileek drogaren kontsumoei buruzko prebentzio lana egiteko aprobetxatzen dute. Euskal Herriko jai askotan dabil elkartea urtero lan hau egiten, eta bildutako eskarmentuarekin aitortu digutenez, kalamua beti topatzen dute, eta kokaina edota anfetaminak maiz aztertzen dituzte testing postuan. Estasia (MDMA) eta ketamina gutxiago eraman ohi diete kontsumitzaileek azter ditzaten, baina ez da hain ez ohikoa.