Ekainaren 1ean egun osoko festa gozatzearekin batera, ikastola aldameneko Gebaralarre baserriko zelaia bingo taula erraldoia bilakatu zuen Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak. Umore onez eta haur zein familien gozamena ekarri zuten Antton eta Kandi astoen presentzia. Haien laguntzarekin AstoKKBingo ekimen solidarioa antolatu zuten. Astoak ere Irungo Usategieta baserriak utzi zizkieten, eta horrela, baserritarren eskuzabaltasunarekin batera, elkarlanetik bildutako dirua Irungo Euskal Jira laguntzeko bideratuko zutela iragarri zuten gurasoek.
Esan eta egin. Jaialdiaren balorazioa egina, eta AstoKKBingo ekimenaren sarituak behin argitu dituztela, guraso elkarteak ekimen bitxi honi esker lortutako laguntza eskutik-eskura emateko elkartu dira Txingudiko guraso eta Euskal Jirako juntako zenbait kide. Irungo Euskal Jira elkarteak sare sozialetan bere esker ona azpimarratu du, «laguntza garrantzitsua» delako ekonomikoki hainbat ordainketa egiteko balio izango dien heinean. Baina bereziki, haiekin gogoratu eta Irungo nekazal eta euskal kultur ondarea lehen planora ekarri nahi izana nabarmentzekoa delako.
Funtsean, 825€ besterik ez dira izan. Baina Irungo Euskal Jira kinka larrian dagoen heinean laguntza oro ezinbestekoa da. 1928an ospatzen hasi zen Irungo baserritarren ikur den euskal kultur ondarearen festak Irungo Udalaren babes ekonomikoa segurtatu nahian dabil, eta ezinean. Azken urteotan bildutako gastuei aurre egin ezinik, 2024 hontako edizioa bideratzea lortu dute, baina iragarri dutenez, Udalak hiriko kultur ondare hau babestu ezean, 2025etik aurrera antolatzen jarraitu ahal izango ote den ere zalantzan jarri dute batzordekideek.
AstoKKBingo ekimenak Txingudi Ikastolako familien artean ez ezik, irundar askoren harridura sortu eta jakinmina piztu du aurten. Eta laguntza ekonomikoa helburu nagusia bazuen ere, aldarrikapen keinu bat ere izan da Txingudiko guraso antolatzaileek argitu dutenez: «Irungo baserri eta landa eremuen defentsan». Izan ere, Txingudi Ikastolaren inguruko nekazal lurrak desagertzeko zorian daudela oroitarazi zuten jaialdian bertan. Agintariek bertan aurreikusiak dituzten Zubietako Parke Teknologikoaren eta hirigintza proiektuen mehatxupean daude lur hauek. Hain justu, AstoKKBingo antolatzeko Gebaralarreko baserritarrak lagatutako zelaiak ikastolaren auzokide diren Jaitzubia zalditegiko zaldiak elikatzen ditu gaur egun, belar mozketaz belar mozketa. Baina suntsituak izateko mehatxupean dauden bitartean, agintari berberak dira 2030 Agendaren baitan KM0 produktuak sustatu behar direla aldarrikatzen duten horiek.
Portadako argazkiaren egilea: A. Elizondo