500 kilo zabor bildu zuten Ibarlan ordu eta erdian auzolanean egindako garbiketan

Koldo Nausia 2024ko eka. 18a, 11:29

Orotara 35 bat lagun bildu zituen ekainaren 8an Ekoetxea Txingudik, Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irun kolektiboek antolatu zuten Garbiketa Handiak. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, Meaka auzoko Ibarla inguruetan 500 kilo hondakin bildu izanak «harridura eta kezka» sortu du parte hartzaileen artean. 

Iaz Jaitzubiako Urdanibia Berriko erreka inguruetan 1.000 kilo hondakin baino gehiago jaso zituztela gogoratzen du Ekoetxea Txingudiko Eva Montoyak. «Harrituak geratu ginen bi ordutan bildutako kopuruekin», dio. Aurten horren erdia jaso dute Ibarlan, baina berdin harritu ditu parte hartzaileak ekainaren 8an antolatutako Garbiketa Handiaren emaitzak. «Inork jasotzen ez baditu, betirako geratzen dira hor, naturan eta ez lukete hor egon behar», dio Ekoetxea Txingudiko koordinatzaileak.

Recicla Birziklatu eta EkoPatruilak Irun kolektiboekin antolatutako ekimenak sentsibilizatzeko helburua zuen, inguru naturala hondakinez libre uztea baino. Baina bi helburuak bete dituzte. Montoyak aitortu digunez, zabor gehiago egongo da ziurrenik, eta tamalez «bi hilabete barru bertatik pasaz gero ziur hondakinak topatuko ditugula». Baina ordu eta erdian 500 kilo jaso eta gero, horretan utzi zuten ekimena. Arbesko Errota kaleko aparkalekutik hasi eta La Juanitaren pareko haur-parkeraino egin zuten bilketa, eta bide bazterretik «pasatzen zen jendeak ikusten zuena ezin zuen sinetsi» azpimarratzen dute antolatzaileek.

Ekoetxea Sareak EAEn herritarrekin antolatutako bilketak ia tona bat hondakin kendu du espazio naturaletatik. Erdia Irunen bildu badute ere, aldi berean, Ekoetxea Urdaibain itsasoak kostaldera itzultzen dituen 165 kilo hondakin jaso zituzten, San Kristobalgo paduran, 60 bolondresen eskutik eta Izaro Sub erakundearen laguntzarekin. Meatzaldean, egun berean, Trianoko Mendien goialdean 42 lagunek hartu zuten parte, eta 175 kilo zabor kentzea lortu zuten. Eta Ekoetxea Azpeitiak 90 kilo bildu zituen Landeta auzoko industrialdetik hurbil. Hortaz, ekainaren 8an Ekoetxea Sareak herritarrekin antolatutako bilketak ia tona bat hondakin kendu du espazio naturaletatik