2023ko maiatzaren 28an PSE-EE alderdiaren aldeko bozka eman zuten 8.240 irundarrek, udal hauteskunde kanpainan sozialistek aurkeztutako lantaldeak jasan duen eraldaketa nabarmena ikusi dute urtebeteko epean. Joan den azaroaren 27an Jose Antonio Santano alkateak karguari uko egin eta Espainiako Gobernuaren Garraio Ministeritzako estatu idazkari bilakatu zen. Eta Cristina Labordak aginte makilaren lekukoa hartu ondoren, orain Miguel Angel Paez Escamendik utziko du Irungo Udala. Ekainaren 21ean, ostiralean 9:30ean egingo den udal karguei uko egiteko ez ohiko udalbatzan amaitutzat emango du bere ekarpena udalgintzan. Eta horrekin batera, gaur egun bere eskumenen artean dituen bost udal departamenduak ere: Ekonomia eta Ogasuna, Hiri Garapena, Diziplina urbanistikoa eta Etxebizitza, Hiri Bultzada, Antolakuntza, Administrazio digitala eta Ekipamenduak, eta alkateorde.
1967an jaioa, Paez Escamendik UNEDetik Zuzendibde Graduko ikasketak eginak ditu, eta 33 urte eman ditu udalgintzan 1991n Alberto Buen Lacambra alkate zela bere jarduna hasi zuenetik. Garai hartan, Gazteria eta Kirol departamenduetako zinegotzi gisa hasi zen. Eta Jose Antonio Santanok aginte makila hartu zuenean, alkateorde izatera igaro zen. Hamaika udal kargu izan ditu hiru hamarkada luzeotan, baina Irungo Udalaren finantzen giltza izan du azken bost agintaldietan, Ogasun udal ordezkari gisa, udal aurrekontuen osaketa eta negoziaketak bere gain hartuz beti. Era berean, Bidasoa Bizirikeko lehendakaria izan da orain artean ere. Baita Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoko aldiriko presidentea ere.
Irundik Gasteizera
Udalgintza ibilbidea atzean utzita, hala ere, ez du politikagintza alboratuko, Gasteizera jauzia eman baizik. Izan ere, ozta-ozta lortu zuen eserlekua PSE-EEk Gipuzkoan lortutako laugarren legebiltzarkide gisa eskuratu zuen apirilaren 21eko hauteskundetan. Sozialistek 45.887 bozka jaso zituzten %13,65, eta apirilaren 26an atzerriko bozkaren zenbaketaren zain egon ziren laugarren eserleku hori baieztatzeko. Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide izateko eserlekua lortu eta maiatzaren 14an kargu hartu ondoren ere, Miguel Angel Paezek azken hilabetean udalgintzan jarraitu du normaltasunez. Baina aste honetan EAJ-PSEk euskal gobernuaren koalizioa berretsi ondoren iritsi da bere zinegotzi aktari uko egiteko erabakia. Ekainaren 21ean Ez Ohiko Udal Osoko Bilkura deitu dute horretarako, gai ordenean hau izanik aztergai puntu bakarra.