Antxeta Irratiak 1.800 preserbatibo banatuko ditu gazteen artean Irungo Koadrilen Eguneko bazkarian

Koldo Nausia 2024ko eka. 19a, 13:06

Heziketa sexu-afektiboa eta preserbatiboen erabileraren gaia mahaigainean ezarriko du Antxeta Irratiak Ficobako herri bazkarian. Izan ere, gazteen erdiak sexu harremanetan preserbatiborik ez duela erabiltzen diote azken inkestek, eta sexu transmisiozko infekzioek gora egin duten bitartean, EAEn diagnostikatzen diren kasuen %25a 15-24 urte bitartekoen artean detektatzen da. Iaz 127 GIB kasu atzeman zituzten EAEn, 1.514 klamidia eta gonorreak adibidez %177 gora egin du lau urtetan.

Betti Gotti euskara elkarteak ekainaren 22an Ficoban antolatzen duen Koadrilen Eguneko bazkariaren menuarekin batera, gazte bakoitzak preserbatibo bana jasoko du muxu truk Antxeta Irratiaren eskutik. Aurtengoa girotzeko bederatzi urtez antolatu gabe egon ondoan, Kamiseta Lehiaketa berreskuratzeko ahalegina egin du eskualdeko irratiak Betti Gottirekin lankidetzan. Eta honi lotuta hainbat sorpresa iragarri dituzte larunbaterako besta alaitu eta gazteen parte hartzea bultzatzeko.

Baina jaiak ondo pasatzeko izateaz gain, berdintasunean eta modu osasungarrian egitea ezinbestekotzat jotzen du Antxeta Irratiak. Eskoletan gazteekin sexu heziketa lantzen du irratigintza eta tailerren bitartez. Eta lan ildoetako bat duenez, aurten 1.800 preserbatibo banatuko ditu herri bazkariaren mahaikideen artean. Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzaileak ohartarazi duenez, «Irun Gipuzkoako bigarren hiria da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu dituen datu orokorrak kezkagarriak izanik, Irun ere errealitate horren parte da».

Heziketa sexu afektiboa erakunde publikoen ardura dela ulertuta, Irungo Udalari ekimena babesteko proposamena luzatu dio Antxeta Irratiak. «Tamalez, aurten ez dute egoki ikusi, baina Eusko Jaurlaritzatik bezala, tokiko erakundeetatik asko egin daiteke zentzu honetan», dio Zapirainek. 

Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzak 2000. urtetik sexu transmisiozko gaitzen hazkunde bilakaera iraunkorra dela ikusita, preserbatiboa erabiltzea sustatzeko sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du Osasun Sailatik.

Sexu transmisiozko infekzioei stop

Ekimen honekin, Antxeta Irratiak beste garai bateko arazoa zirudien eta bolo-bolo dabilen kezka baten aurrean, bidasotarrak kontzientziatu nahi ditu: sexu transmisiozko infekzioak. Izan ere, kasualitatez, Eusko Jaurlaritzak sexu transmisiozko infekzioei (STI) lotutako informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du hilabete honetan. Egitasmo horren bidez, preserbatiboa erabiltzeko beharra azpimarratuko dute, infekzio horiek ez transmititzeko «metodorik eraginkorrena» delako. Osasun Sailak plazaratutako datuen arabera, 2000. urtetik halako gaitzen «hazkundea iraunkorra» izan da. Eta STIen Euskal Planaren 2022ko Memoria aurkeztu berri dutelarik, infekzioen gorakada kezkagarritzat jo dute agintariek.

Klamidia infekzioa bilakatu da nagusi azkeneko urteetan: iaz 1.514 kasu atzeman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrez gain, 2018 eta 2022 bitartean %177 gehiago dira gonorrearen diagnostikoak, eta %53 sifilisarenak. Infekzio horiek gazteenei eragiten dietela baieztatu dute, zehazki, diagnostikatzen den lau STItik bat 15-24 urte bitartekoen artean detektatzen baita.

Era berean, GIBari dagokionez, 127 kasu berri egon ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Diagnostikoen batez besteko adina 38,3 urtekoa izan zen, eta batez ere gizonek hartu zuten: gibdun berrien %75 baino gehiago dira. HIESAren kasuan, 2022an 26 kasu atzeman zituzten, eta batez besteko adina 45 urteren bueltakoa izan zen, kasu berrien %58a gizonezkoak.

Zenbaki hauen aurrean, Eusko Jaurlaritzak preserbatiboa erabiltzearen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, GIBa agertu zenean infekzioa ez hartzeko aukera prebentibo eraginkorrena bihurtu zen preserbatiboa, baina, erretrobirusen kontrako botikak lortu eta gero, behera egin du preserbatiboaren erabilerak. Argitu dutenez, sexu harremanen bidez transmititzen diren infekzioen inguruan «informazio defizita» dago, eta ez dela behar beste neurri hartzen horiek saihesteko: «Gazteen erdiek baino gutxiagok diote harreman sexualetan kondoia erabiltzen dutela, eta hori guztia jendearekin elkartzeko aplikazioen gorakadarekin gertatzen ari da».

Ekainaren 22 honetan, aldiz, aplikaziorik gabe, Koadrilen Egunean aurrez aurreko harremanak sustatu eta jaiak behar bezala gozatzeko deia egiten dute aurten Antxeta Irratiak eta Betti Gotti elkarte antolatzaileek. «Jaiak gozatzeko dira, baina gazte neska eta mutilek ahaldundu behar dute, eta momentua iristen denean preserbatiboa erabiltzeko ohitura hartu», dio irratiko koordinatzaileak. Ipar Euskal Herrian 27 urtez azpikoentzat farmazian eskatu eta antisorgailu hauek dohakoak direla gogoratu du, baina Irunen ez denez hala, Antxeta Irratiak banatuko ditu herri bazkarian aitzakiarik egon ez dadin. Era berean, gaia mahaigainean ezarri eta norbere preserbatiboa duela probestuta, mahai baten bueltan gazteek honi buruzko hizketaldiak eta gogoetak sorrarazi ditzakeen ekimena da aldi berean.