Alarde eguneko oihartzunak atzean utzi bezain pronto, Baserritar Egunarekin agurtuko dituzte Irungo jaiak urtero bezala. Irungo Euskal Kirolak antolatuta, frisiar behien eta abereen lehiaketa, herri kirolak eta bertsolariak izango dira protagonista goizean Urdanibia plazan. Eta arratsaldeko 18:00etan XXXII. Fandango eta Arin-Arin Txapelketa eta erromeria ospatuko den bitartean, Uranzu frontoian Profesionalen Esku Pilota Jaialdia jokatuko da. Unai Iglesias, Baiko enpresako gerenteak aitortu digunez, hitzordu garrantzitsua da beraientzat, eta kartela tamainakoa proposatu dute. Eskualdeko pilotazaleen jakinmina piztu duena. Zubizarreta-Elizegi eta Senar-Morgaetxeberriaren kontrakoa ikusi ahal izango dute atarikoan, eta partida nagusian berriz, Laso-Albisu eta Artola-Mariezkurrena bikoteak lehiatuko dira aurrez-aurre.
Txartelak dagoeneko salgai daude interneten, baina egunean bertan Uranzu frontoiko txarteldegian erosteko aukera egongo dela iragarri du Irungo Udalak. Preziori dagokionez, 25 eurotan dira goiko harmailako, erreboteko eta kantxaren goialdeko sarrerak, eta 30 eurokoak kantxako eta erdiko mailakoak. Borja Olazabalek, Irungo Kiroletako udal ordezkariak Uranzu betetzea espero du, pilotazaleen urteroko ezinbesteko hitzordua baita.