Betti Gotti euskara elkarte antolatzaileak, aldiz, Irungo Udalaren sustengu ekonomiko eskaxa nabarmendu du, eta aurreko urteetako 1.800 bazkaltiar jaso dituen Ficobako herri bazkaria aurten 1.117 lagunera mugatu behar izan dute. Nolanahi ere, Irungo jaien egun handia ustez Alardeak hiriko kaleak hartu eta milaka ikusle espaloietan biltzen diren San Martzial eguna bada. Koadrilen Egunarekin gazteek erakutsi dute, jaiak haratago ospatzeko ere badirela. Betti Gotti euskara elkarteak antolatutako bazkariaren ondoren, 4.000 gazte inguruk kaleak hartu eta kalejiran biltzeaz gain, ehunka irundar espaloietan ikusminez bildu baititu ere, Goitibera Irun Hiri Sari Nagusiaren hirugarren edizioak.
Goizeko 9:00etan hasi ziren herri gosariarekin, eta aurtengo 14 parte hartzaileen txanda zozketarekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten emakumeak anima daitezen deialdia luzatu dute, baina hirugarren edizio honetan ere ez da bat ere animatu oraindik. Halere, lehiaketak gotiberen sormenerako grina piztu du. Aurten 12 izan baitira lasterkariek diseinatu eta eraikitakoak. Denen artean ikusmin eta irribarre gehienak sorrarazi zituenak “Martzianeta car” izan zen.
Aurtengo 14 partaideetatik 12k euren goitibera diseinatu eta prestatu dute frogarako.
Sortzaileek aitortu zigutenez, aurretik probatu gabeko hiru lagunentzako Ovni edo espaziontzia. Originaltasunaren saria irabazi zuten horrela, Beñat Gil, Diego Zamora eta Jon Hoyosek. Azkarrenak, aldiz, Beñat Irazusta, Haitz Urtxegi eta Unai Arretxe izan ziren. Laugarrenari txokolatezko domina eman ohi zaionez, Joxe Angel Jaramillok Chocolates Iruneko kaxa bat eraman zuen. Eta seigarren sari bat ere banatu zuen Betti Gotti elkarteak. Argitu zutenez, «bizitza ez da dena lehia eta borroka, bizitza ere bada ahalegina». Eta beraz, azkenari ere, zailtasunak izan zituen Eneko Sagarzazuri txapeldunaren sari berbera eman zioten.
Goitiberen sariekin batera, Koadrilen Eguneko Kamiseta Lehiaketaren sari banaketa ere egin zuten Urdanibia plazan. Eta ondoren, Ficoban egiten den herri bazkarirako bidea, kalez-kale poteo alaituan egin zuten koadrilek.
Irungo Udalari jaietako ekimen jendetsuenetakoa den Koadrilen Eguna behar bezala diruz babesteko galdegin du Betti Gotti elkarteak azken urteetan. Baina ez dute behar erantzunik jaso. Izan ere, «baliabideek eta diruek ez dute ematen, eta murrizketak egitera behartuak» ikusi direla aitortu dute elkarte antolatzailetik herri bazkarian. Iaz bezala, aurten ere “Globotxupinazoa”rekin hasi zuten bazkaria, herriko etxeari deia eginez.