Joan den ostiralean, 33 urte ondoren, uko egin zion bere zinegotzi aktari Miguel Angel Paez sozialistak. Jarraian, Cristina Laborda alkateak udal gobernukide berriak aurkeztu zituen. Laborda, Nuria Alzaga, Borja Olazabal eta Sergio Javierren taldera batu dira Jon Ugarte eta Sandra Caballero. Eta aurrekoen artean ere, ardura banaketa egokitu du agintari sozialistak. Paezek bere agurrean azpimarratu zuen bezala, sozialisten lantaldea gaztetu eta odol berria sartu da.
Hala, Labordak gobernukideen «gaztetasunaren eta esperientziaren arteko oreka, eta hiriarenganako maitasun eta errespetua» azpimarratu du. Gaineratu duenez, Irungo historian beste orrialde bat idazteko «pribilegio eta ardura» sentitzen dutela aitortu du alkateak, «irundarrak erdigunean» jarriko dituztela iragarri du.
Gauzak horrela, Udal Gobernu berrian Nuria Alzaga bilakatu da lehen alkateordea. Paezen lekukoa hartuko du Ogasuna eta Hiriaren Bultzada eta Sustapen Ekonomikoan. Eta orain arte bezala Kultura eta Berdintasun arloak ere bere gain jarraituko dute. Bestalde, Borja Olazabalek postu bat gora egin du bigarren alkateordetzara, eta orain arteko ardurak mantenduko ditu, Kirolak, Hiriaren Garapena, Mugikortasuna eta Garapen Jasangarria. Sergio Javier, hirugarren alkateordeak Gazteria, Segurtasuna eta Herritarren Bizikidetza, eta Kontsumoa atxikitzen ditu, eta Gobernu Irekia eta Herritarrentzako Arreta edota Pertsonak eta Zerbitzu Orokorrak izango ditu bere gain.
Bi kargudun berrien kasuan, Jon Ugartek Euskara eta Hezkuntza (eskarmentua du udalgintzan bi hauetan) hartuko ditu, eta Paezen lekukoa hartuko du Obrak, Mantenua eta Azpiegiturak, baita Disziplina Urbanistikoa eta Etxebizitza arloetan ere. Azkenik, Sandra Caballero, bosgarren alkateordea da orain, eta bere gain hartzen du Gizarte Ongizatea (orain arte Nuria Alzagaren esku) eta Giza Eskubideak, Memoria Demokratikoa eta Lankidetza.