Zilibito Records Gaztea Maketa lehiaketaren irabazleak Sanmartzialetako Gaztegunean izanen dira gaur

Aimar Lopez 2024ko eka. 25a, 09:59

Gaztea Maketa lehiaketa irabazita, Zilibito Records talde oiartzuarra oholtzaz oholtza ari da azken hilabeteetan. Gaur, asteartea, Santiago auzoko Gaztegunean ariko dira arratseko 19:30tan hasita, Anixe eta Txiltxokorekin batera.

Gaur hasi eta ostegunera arte, gazteentzako egitarau berezia ondu du Sanmartzialen baitan Irungo udalak, Santiago auzoko Istillaga plazako pilotalekuan. Rapa eta musika urbanoak hartuko dute oholtza, arratsaldeetan zehar jarduera eta tailer ugari izanen direlarik.

Hala, gaur Zilibito Records, Anixe eta Txiltxokoren kontzertuez gain, Iruntxef sukaldaritza proba izanen da 17:30ean, eta kontzertuen ondotik diskofesta Maria Lopez eta Asier Burgueterekin.

Bihar berriz, Sara Socasen kontzertua izanen da ekitaldi nagusia, baina arratsaldean zehar Scaperoom bat eta Sarai Santanoren eskutik dantza masterclass bat izanen dira. Gaua borobiltzeko, diskofesta izanen da DJ Candi eta Josu Rodriguezen eskutik.

Ostegunean, gazteen artean sona handiko Hofe x 4:40 iruindarrak izanen dira Irunen, beste hainbat ekitaldirekin batera. DJ Arra eta Aitana Grandesek itxiko dute Gazteguneko egitaraua. 

Zilibito Records musika talde oiartzuarra azken aldian zeresana ematen ari da gazteen artean. Zortzi kidek osatzen dute taldea, 16 – 17 urteko gazteak dira. 

Duela urte eta erdi abiatu zuten proiektua, ordutik hainbat kantu egin dituzte eta iaz Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuten. Urtebete egin berri du "hastapenak" lehen diskak, eta udaberrian zehar "Deabruen Doinuak" EPa ere argitaratu dute.

Haien ibilbideaz, musika sorkuntzaz, maketa lehiaketa irabazteaz, gaztetxoen kontuez eta ikasbidaiez aritu ziren neguan Zilibito Recordseko Ekain eta Jurgi Asier Arbelaitzekin.