Irun-Brinkola aldiriko trenaren udako zerbitzu etendurak salatzeko mobilizazioak deitu dituzte

Antxeta Irratia 2024ko eka. 26a, 10:35

Abuztuaren 3tik 25era Irun-Donostia Renfeko aldiriko trenik ez da ibiliko, Adif erakundeak AHTari lotutako egin beharreko obrak direla eta. Erabiltzaileek 2017tik jasaten dituzten murrizketa eta kalteak salatzeko Oarsoaldeko AHTaren aurkako plataformak mobilizatzera deitu du. Aurreneko elgarretaratzea, ekainaren 27an 19:00etan egingo dute Orereta-Errenteriako Renfeko geltokian. 

Uda mugitua izango da Irun-Brinkola Renfeko aldiriko trenaren erabiltzaileentzat. Izan ere, Adif erakundeak AHTari lotutako egin beharreko obrak direla eta, abuztuaren 3tik 25era Irun-Donostia arteko trenak eten egingo dituzte erabat. Renfek apirilaren 29an indarrean ezarri zituen zerbitzuen maiztasun eta ordutegi berri eskaxei, udako egoera hau batuko zaio. Nahiz eta uztaileko asteburuetan egitekoak zituzten murrizketak, azkenean ez dira hala izango. Betiere, zerbitzuak ordekatzeko autobusak antolatzen dituzten arren, erabiltzaileek argi utzi dute ez dela aski.

Adifek jakinarazi duenez, abuztuko etendurak eragingo dituen udalerrietako alkateak informatzeko jarraipen batzorde informatiboa eratuko dute datozen asteetan. Hala jakitera eman zuten joan den astean Jose Antonio Santano, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Estatu Idazkariak eta Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak Irun-Brinkola korridoreko alkateekin egindako bileran.

Erabiltzaileak haserre

Baina errealitatea da, funtsean, ezjakintasun handia dagoela. Eta 2017an Gaintxurizketan tunela zulatzen hasi zirenetik etengabeak izan direla AHTko obrek Renferen aldiriko tren zerbitzuan eragindako murrizketak eta kalteak. Egoera hau erabiltzaileen haserrea piztu du enegarren aldiz, eta egoera salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Oarsoaldeko AHTaren aurkako plataformak. Aurrenekoa, ekainaren 27an 19:00etan Orereta-Errenteriako Renfeko geltokian.

Josu Pikabea, plataformako kideak gogoratzen duenez, «tren zerbitzuen eskaintza erdira murrizteaz gain, Hernani-Donostia trenbide zatian abiadura mugatua du trenbide bakarra duelako, eta dauden zerbitzuen atzerapenak eguneroko kontua dira». Horren ondorioz, bidaiariek ez dakite zein ordutan iritsiko diren, eta garraio publikoak bere eraginkortasuna galduta, asko dira ibilgailu pribatura jotzen ari direnak, Eguzki talde ekologistak salatu izan duen bezala, horrek errepideetan eta kutsaduran suposatzen duenarekin.

Renfek iragarri duenez, egoera hau gutxienez beste bi urte eta erdi luzatuko da,  Gipuzkoan Abiadura Handia ezartzeko lanak bukatutzat eman arte. Erabiltzaileek renfe.com edota 943 841 251 telefonora deituz kontsulta ditzakete ordutegi eta udan emango diren etendurak.