Iaz Bidasoaldeko proiektuak aintzat hartu zituzten bitartean, aurten Gipuzkoa osoaren gainean jarri dute fokoa, egunero kooperatibismoa eta saretze lanetan diharduten BDSKoop bezalako 20 erakundetik gora lanean dihardutela nabarmenduz. Izan ere, herritarren beharrei erantzungo dion ekonomiaren lanketan bidelagun izatea garrantzitsua da. Eta eragileen arteko elkarlana nabarmendu du Dornaku Lantzek, BDSKoopeko proiektuen arduradunak. Eta Kooperatuz sariketa honen prozesuan, erreferentziazkoak diren Olatukoop (KoopFabrika), REAS Euskadi eta Mugarik Gabeko Ekonomilariak bidelagun izan dituztela nabarmendu du. Bestalde, prozesu eta emaitza hauen ikerlariak ezinbestekoak izan dituzte, hala nola, EHUko GEZKI saila edota Mondragon Unibertsitateko Lanki epaimahai lanetan.
Ekonomiaren definizio primitiboena
«Garapena ez da hazkunde hutsa, baizik eta gure beharrak asetzea. Eta behar horiek askotarikoak izan daitezke», argitu du Lantzek sari banaketa ekitaldian. Eta ikuspegi zabal horrekin, kooperatibismoaren printzipioekin lan egiten duten proiektuak aztertu eta saritu dituzte aurten. Gipuzkoan 800 bat kooperatiba dauden bitartean, gaur egun 14.000 S.L. daude. Hortaz, «Gipuzkoan ekonomia jasangarri, sozial eta bidezkoago bat egingo duen ekonomia baten alde, sozietate mugatu horietatik zenbat kooperatiba izan zitezkeen ere hausnartu beharra» dagoela esan du.
Bere ustetan, Ekonomia Soziala baita eraldaketa sozialerako tresna ekonomikoa. Trantsizio ekosozialari, justizia sozialari, arte eta kulturaren sustapenari, zaintza ereduari, berotegi-efektu globalari, nekazaritza berreskuratzeko beharrari eta beste ehunka erronkei erantzuteko giltzarri, barrura zein kanpora begira.
Sarituei dagokienez ere, barrura zein kanpora begirako kudeaketa aztertuta lau izan dira aurtengoan banatutako Kooperatuz sariak. Batetik, barrura begirako kudeaketa demokratikoa, parte hartze ekonomikoa eta autonomia, zein independentzia printzipio kooperatiboei Izaera Demokratikoari Saria Batera Aske Kooperatibak eta Dejabu Konpainia Kooperatibak eraman dute 1.000 euroko saria. Azken honen kasuan, antzerkiaren alorreko elkartea da. Eta Batera Aske kooperatibaren kasuan, aldiz, aniztasun funtzionala duten gazteentzako aisialdi metodologia berritzaile bat aplikatzen duen elkartea. Bertako Jon Zozayak azaldu digu, duela sei urte hasi zirela Arrasten behar bat zegoela identifikatuta, eta dagoeneko Debagoiena eta Urola Kostan 5 aisialdi talde osatu dituztela aurten. «Gazte hauentzako aisialdi eskaintza oso urria da, eta dituzten behar bereziei erreparatuz, haien sozializazio eta integrazio hobetzeko metodologia eraginkorra dela egiaztatu dugu», argitu digu. Eta pertsonen zaintza eta haien sormena sustatzeko ekimena den heinean, «pertsonak erdigunean jartzen dituen kooperatiba baizik ezin zuen izan gure kudeaketa eredua», azpimarratu du. Gaur egun gehienbat udalekin ari dire lanean. Eta Gipuzkoa eta Nafarroa osora hedatzen joateko helburua dute.
Bestalde, Komunitate eta Beste Kooperatibekiko Lankidetza eta Interesa Saria, kanpora begirako kudeaketa eta irizpideak aintzat hartzen dituena bi saritu gehiago izan ditu. Hezkuntza, komunitatearentzako onura eta balio kooperatiboei erantzuten dion eragileen arteko lankidetza aintzat hartzen du kategoria honek. Eta horretan ere, arte eszenikoen sektoreko Magma Mia Kooperatibarekin batera, Maia Permaculture kooperatiba saritu dute.
Gure eskualdean kokatuta, Mayi Lekuonak bultzatutako bi pertsonen arteko proiektu txikia eta hasiberria da. Aitortu digu otsailan eratu zutela, baina permakulturak berehala interesa piztu duela. «Nahiko kontzeptu ezezaguna da Hego Euskal Herrian, baina funtsean lurra eta pertsonen zaintza, eta bidezko banaketa oinarri duen teknika da», azaldu digu, «edozein giza jardueretan aplikagarriak den naturarekin errespetuan egindako diseinuak sortzen ditugu». Azaldu digunez, baratzegintzari lotua da ezagunagoa, baina etxe baten antolaketa, ikastetxe baten jolastokia edota erakunde publikoek ere hirigintza proiektuak resilienteagoak izan daitezen, aintzat hartzen hasiak dituzten naturarekin errespetuzko irizpideak dira haien lanaren oinarria.