Baserritarren Egunak borobildu zuen atzo, uztailaren lehenean, ekainaren 2an hasi zen jaien egitaraua. Hilabetez, kontzertuak, lehiaketak, kirol hitzorduak, haur jokoak eta alardea izan dira bertzeak bertze hiriko protagonistak, orotara 120 ekitaldi baina gehiagoko programa osatuz. Nuria Alzaga kultura zinegotzia Antxeta Irratian izan zen astelehenean, Baserritarren Eguna kari egin genuen zuzeneko emankizun berezian. Bertan, egitarauaren oparotasuna goraipatu zuen, hura osatzeko lanean aritu direnak eskertuz. Ohiko jarduerez gain, Santiago auzoan sortu duten Gazteguneko kontzertu eta tailerrei belaunaldi gazteek ongi erantzun dietela aipatu du Alzagak.
Kontzertuei dagokionez, Zetak, Izaro edo Camela dira izen ezagunenen artean. Lehen bien daturik oraindik ez badute, Camela ikustera 15.000 herritar hurbildu zirela aurreratu digu kultura hautetsiak. Iaz, antzeko apustua egin zuten David Bustamante kantari espainiarrarekin, eta 9.000 jende bildu zen. Aurtengoan segurtasun neurri bereziekin egin dute San Juan plazako kontzertu jendetsua, plazak, azpian dituen liburutegia eta aparkalekua direla-eta, jasan dezakeen pisu muga baitu.
Hain zuzen ere, kontzertu erakargarrien apustua defendatu du Nuria Alzagak. Sanmartzialei erreferentzialtasuna ematen die eskualdeaz harago ere. Lana ere badela gehitu du, iaz “irailean” hasi baitziren kontzertu hauek lotzen, kostu ekonomikoaz gain, data horietan zein artista libre diren ere begiratu behar baitute.
Datu guztiak, ostegunean
Ostegunean eginen du Irungo Udalak aurtengo besten behin-betiko balorazioa prentsaren aitzinean, Cristina Laborda alkatearen, eta Nuria Alzaga eta Sergio Javier zinegotzien eskutik.