Erromatar garaiko itsasontziak eraikitzeko tailerra antolatu dute Oiasso museoan

Aitor Errazkin 2024ko uzt. 3a, 10:36

Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren baitan, Oiasso museoak, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako itsasontziak eraikitzeko tailer bat antolatu du.

Uztailaren 11tik 14ra burutuko den Dies Oiassonis jaialdiaren aitzin-dasta gisan, gazteak historiara eta Irunen iragan erromatarrera hurbiltzeko jarduera antolatu du Oiasso museoak. Eskuak eta burua, itsasoa eta lurra, historia eta oraina lotuko dituzte, garaiko itsasontzien erreplikak erakiz. Tailerra larunbat honetan, hilaren 6an izanen da, Oiasso museoan bertan goizeko 11:00tatik aurrera.

Beñat Egiluz Miranda Oiasso museoko jardueren arduradunak azaldu digunez, gazteen kuriositatea izanen da tailerraren erdigunean, sormena aktibatuz eta ikasteko nahia elikatuz. 8 eta 12 urte arteko parte hartzaileei hastapenean zuzenbide batzuk emanen zaizkie, baina jarraian autonomia emateko asmoa duela azaldu du Egiluzek, hain zuzen ere sorkuntza bakoitzak bere izaera propioa izan dezan.

Tailerrean parte hartzeko lekuak mugatuak dira. Interesa dutenek Oiasso Museora deitu behar dute, (+34) 943 639 353 zenbakira hain zuzen ere.