Nagore laffage

Irungo herriak ez du sekulan ahaztuko

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 8a, 07:56

Nagore Laffage omenduko dute gaur Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxea Elkartea osatzen duten eragileek. Haren hilketaren 16. urteurrenean, ekitaldia Irungo Emakumeen Etxean egingo dute aurreneko aldiz, uztailaren 8 honetan 19:00etan.

Irungo herriak Nagore Laffage omenduko du gaur 19:00etan Irungo Emakumeen Etxean. Antolatzaileek argitu dutenez, argi utzi nahi dute «16 urte geroago haren oroitzapenak guztion oroimenean eta bihotzetan grabatua jarraitzen duela». Izan ere, 2008ko uztailaren 8an 20 urteko irundar gaztearen hilketak izan zuen oihartzun mediatiko zabala eta gizarte erreakzioa bizirik jarraitu du urteotan guztiotan Irunen.

Haren ama Asun Casasolaren borroka bultzatu eta urtero-urtero Nagoreren memoria presente mantentzeko ahaleginak egin dituzte Irungo elkarte feministek, baita Irungo Udalak ere, urteroko omenaldiekin ez ezik, haren izena duen Palmera Monteroko parkea izendatuz edota indarkeria matxistaren kontrako Asun Casasola Ipuin Lehiaketa literatur sariketa antolatuz, besteak beste. Asun Casasolak, oraindik ere, urtero 100ndik gora hitzaldi ematen ditu espainiar estatuko eskoletan bere esperientzia kontatu, injustizia salatu eta halakorik berriz gerta ez dadin sentsibilizazio lana eginez. 

2009 urtean herri-epaimahai batek Jose Diego Yllanes Vizcay hiltzaileari 12 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion arren,  2011an espetxetik lehenengo irteera baimena jaso zuen, eta 2017rako Yllanes, Zuerako espetxean hirugarren graduarekin kalean zegoen. Eta prentsak horrela salatuta, Zaragozako klinika batean, Carlos Chiclana doktorearen kontsultan alegia, lanean zegoen iada, klinikaren webgunean mediku bezala agertzen zelarik publikoki. 2024ko martxoan Auzitegi Nazionaleko Kontentziosoko Salak Jose Diego Yllanesek aurkeztutako «ahanzturaren eskubidea» ukatu egin zion. Bere izena eta gertaturikoari lotutako erreferentziak Google LCC eta Espainiako Datu Babeserako Agentzian (AEPD) blokeatzeko eskaera egin baitzuen, eta epaileek  «hilketaren baldintza basatiak» aintzat hartuta, eta kasuak izan zuen ohiartzun mediatikoa kontuan hartuta interes orokorrekoa dela argudiatu du hiltzaileak orain egindako eskaera baztertzeko.

Gogoan hartu behar da ere, Helena Taberna zinemagileak 2016an Nagore dokumentala zuzendu zuela, Goya sarietarako hainbat nominazio jaso zituelarik. Bertan Nagore Laffageren hilketa bortitza azaldu zuen. Eta lanean Asun Casasola Nagoreren amak dokumentalean parte-hartze handia izan zuen. Biktimaren senide zein lagunen testigantzak jasotzen ditu lan honek, baita prozesu judizialean inplikatutako hainbat kideren ikuspegiak ere: fiskala, abokatuak eta genero indarkeriaren kontrako kolektiboetako ordezkariak, besteak beste.

Irungo herriak ez du Nagore Laffage ahaztuko. Eta aurreko 15 urteetan, sanferminak hastearekin batera, Irungo zein Iruñeako txoko desberdinetan omenaldiak antolatu izan dituzten bezala, Palmera Montero auzuneko Nagore Laffage parkea bilakatu da azken urteotan Irungo memoria gunea. Baina Udalak eta elkarte feministek hala erabakita, aurten Irungo Emakumeen Etxean antolatzea erabaki dute. Astelehen honetan izango dute gogoan 19:00etatik 20:00etara antolatutako ekitaldian.